GARA > Idatzia > Mundua

NBEren milurteko konpromiso ospetsuei ez darie ur garbirik

Munduko txiroenen egoera hobetzeko hainbat konpromiso hartu zuen Nazio Batuen Erakundeak 2000n. Hamar urte luzeren buruan 884 milioi pertsonak ez dute edateko urik. Saneamenduari dagokionez, arazoa are larriagoa da. Munduko biztanleen %39k ez dute komunik, gorozki-urekin kontaktuan bizi dira eta horren ondorioz gaixotuta hiltzen dira.

GARA

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) milurte berrirako asmoak iragarri zituenetik hamar urte igaro dira dagoeneko, eta Osasunerako Mundu ErakundeaK (OME) eta UNICEFek uraren auzia egun zein egoeran dagoen aztertzen duen ikerketa berria kaleratu dute.

Oraindik ere 844 milioi pertsona bizi dira edateko urik gabe. Herrialdeka aldeak nabarmenak dira. Ur garbia eskura ez dutenen artean herena Sahara azpiko Afrikan bizi da. Izan ere, herrialde horietako biztanleen %40k ez dute edateko urik.

Aitzitik, 90eko hamarkada hasieratik zerbitzu hau eskuratu dutenen erdia Txinan eta Indian bizi da.

Ikerketa berriaren arabera, uraren auzian aurrera egitea lortu da eta munduko biztanleen %85ek ur garbia erabiltzen dute, edateko eta gainerako beharretarako.

Horrela, bada, NBEk 2015. urterako auzi honetan hartu zituen konpromisoak betetzea espero du, hots, edateko urik ez dutenen kopurua erdira jaistea.

Saneamendua

Guztiz kontrakoak dira ur-saneamenduari buruzko aurreikuspenak eta antzeko konpromisoa ez dela beteko iragarri dute dagoeneko OMEk eta UNICEFek. 2.600 milioi pertsonak, hau da, munduko biztanleriaren %39k, ez du saneamendu-sistema xumeenik ere eskura.

Gorozki-urekin kontaktuan bizi da, beraz, eta horrek eragiten duen gaixotasun larrien, askotan hilgarrien eraginak bere horretan jarraitzen du. OMEko Ingurumen arduradun Maria Neyrak azaldu duenez, «bi arlotan dauden desberdintasunak ulertzeko «arrazoi kulturalak, inbertsio falta eta sektore publiko ezberdinen arteko koordinazio eza» hartu behar ditugu kontuan.

«Aldaketa kulturala gertatu behar da saneamendua edateko ura bezain gauza garrantzitsua eta ezinbestekoa dela barneratzeko».

Komunik ez

Garatzen ari diren herrialdeetako biztanleen erdiak soilik du komuna, letrina edota hobi septikoa etxean. Azken urteotan aurrerapenik izan da, urria bada ere, batez ere ipar Afrikan eta Asiako eki eta hego-ekialdean.

«2010. urtean gaudela lotsa eman beharko luke esateak ere, baina oraindik nabarmendu behar da edateko urik eta saneamendurik gabe ez dagoela osasun publikoa garatzerik. Egoera honi buelta ematen ez badiogu, ez dugu sekula lortuko herrialde horiek txirotasunetik ateratzea», ohartarazi du Neyrak.

Nolanahi ere, auzi honetan «berri onik» ere badela gaineratu du arduradunak: kalean libratzeko ohiturak -higiene aldetik praktika arriskutsuenak- behera egin du mundu osoan portzentajeetan, zenbakitan gora egin badu ere. 1990. urtean munduko biztanleen %25ek zuen ohitura edota behar hau. Egun portzentajea ez da %18ra iristen.

Emakumeak okerrago

Uraren auziak eragin zuzenagoa du, gainera, emakumeengan. Izan ere, etxean urik ez duten familien bi herenetan emakumeak dira ur bila joaten direnak.

Beherakoak jota hildako ugari emakumeak eta neska gazteak dira, «batez ere ura garraiatzean ur-zikinekin kontaktu handiagoa dutelako».

Gainera, horretan ordu ugari ematen dituztela-eta neskatila askok ezin du eskolara joan eta ur bila urrutira joaten direnean «bortxaketak eta erasoak pairatzeko arriskua dute», gaineratzen du ikerketak.

Gauzak horrela, urtero 1,5 milioi haur hiltzen dira edateko urik ez dutelako edota saneamendu ezarekin zerikusia duten gaitzek jota.

 

HILGARRIA

Urtero 1,5 milioi haur hiltzen dira munduan edateko urik ez dutelako edota etxean saneamendurik ez izateagatik, horrek eragiten dituen gaitzek jota.

TXIROTASUNA

«Arazo hau konpondu gabe ez dago osasun publiko sistema garatzerik eta hainbat herrialde txirotasunetik ateratzerik», ohartarazi du OMEko Ingurumen arduradunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo