GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ekimen ugari espetxeetan, EPPKren eskubideen aldeko borrokaldian

Dozenaka protesta ekimen burutu dituzte martxoaren lehen bi asteetan euskal preso politikoek espetxe espainol eta frantsesetan. Euskal Herrian ere «presoen eskubideen alde» mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu du amnistiaren aldeko mugimenduak.

p016_f0198969.jpg

GARA

Urte berria hastearekin batera Euskal Preso Politikoen Kolektiboak «oinarrizko eskubideen» aldeko borrokaldi berri bati ekin zion. Urtarrilean bertan, hainbat ekimen burutu zituzten, itxialdiak zein baraualdiak, besteak beste. Hala ere, urtean zehar espetxez espetxe borrokaldiari jarraipena emango diotela jakinarazi zuen atzo amnistiaren aldeko mugimenduak.

Hain zuzen ere, euskal presoek «bizi duten muturreko egoerak» eraman zuen kolektiboa erabaki hori hartzera. «Atzean utzi ditugun asteak dira esaten dugun horren lekuko», adierazi dute amnistiaren aldeko mugimenduko kideek. Errepresioaren aurkakoek «sakabanaketa politikaren ondorioz» Mikel Garmendia presoaren senideek espetxera bidean izandako auto istripua eta Xabier Etxeberriak Soto del Realeko kartzelan jasandako «heriotza mehatxuak» izan dituzte gogoan. Baita, Isidro Garalderi eta Juan Carlos Arrutiri «biziarteko zigorra» ezarri izana, Lorentxa Gimonek «bizi baldintza duinak aldarrikatuz» gose greban eman zituen 38 egunak, Urtzi Paulek Sevillako espetxean bakartuta jarraitzen duela eta, oro har, euskal presoen senide eta lagunen aurkako «miaketa» eta «jazarpenak» ere mahai gainean jarri zituzten.

Pozgarritzat jo zuten, bestalde, Juanjo Rego Vidal donostiarra espetxetik ateratzea, «nahiz eta erabat salagarriak diren kontrolerako neurriak ezarri dizkioten». Amnistiaren aldeko mugimendukoen ustez, «borrokaldi hauen guztien» emaitza da Rego Vidalen etxeratzea.

Sakabanaketaren harira, Kolektiboan diren 750 presoetatik euskal espetxeetan daudenak hamar baino gutxiago direla, sei preso gaixotasun larriak jota espetxean direla eta «praktikan bizi arteko zigorra den» Auzitegi Goren espainoleko doktrina ezarri dieten presoen kopurua «gorantz» doala ere salatu zuten. «Egoera horri aurre egiteko helburuarekin», beraz, espetxez espetxe hainbat ekimen eta mobilizazio egingo direla iragarri du amnistiaren aldeko mugimenduak. Era berean, Euskal Herrian ere hainbat mobilizazio eta ekimenetarako deia luzatu dute, «preso politikoen eskubideak bermatu daitezen aldarrikatzeko». Beraz, amnistiaren aldeko mugimendutik deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko eta presoen eskubideen alde «indarrak batzeko» dei egin zuten; eragile, alderdi politiko eta sindikatuak egoera larri horren aurrean «konpromiso serio eta argiak» hartzearekin batera. Azkenik, presoekiko elkartasuna «espetxeetara eramateko» dei egin zuten; «presoei gutunak idatziz, bisitak eginez...».

Protestak espetxeetan

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak deituriko borrokaldiaren barruan, hainbat ekintza egin dituzte espetxeetan martxoaren aurreneko bi asteetan. Almerian esaterako, lehen bi asteetako astelehen eta astearteetan itxialdiak egin zituzten eta ostiraletan janariari uko egin eta «eskubideen defentsan» elkarretaratzeak egin zituzten. Brievan eta Monterroxon, berriz, martxoa hasi zenetik itxialdian dira presoak, Sorian gose greba egin zuten eta Darocan komunikazio greban daude; hilaren 5ean eta 12an gainera, baraualdiak egin zituzten.

Leonen lehen bi asteko astearteetan janariari uko egin diot eta ostegun arratsaldetan itxialdiak egin dituzte. Gainerako egunetan berriz, «Dispertsiorik ez! Euskal presoak Euskal Herrira», «Biziarteko kartzela-zigorrik ez! Preso gaixoak 92. art» eta «Gure senideei miaketarik ez» zioten kartelak erakutsi zituzten.

Estatu frantseseko espetxeetan ere gisa bereko hainbat protestaldi burutu zituzten presoek martxoaren lehen hamabostaldian. Bois d`Arcyko espetxean propaganda ekimenak egiten zituzten eta Euskal Herriko eragileei eta komunikabideei beraien aldarrikapenen berri eman zieten. Fleury Merogisen, era berean, lehenengo dibisioko presoek hamabost eguneko baraualdia egin dute eta bosgarren dibisioko presoak gose greba mugagabea egiten ari dira. Espetxe bereko bigarren dibisioan bestalde, txandaka hamabost eguneko baraualdiak egiten ari dira.

Fresnesen martxoaren lehen astean janariari uko egin zioten, bi egunez, egun batean erizaindegiaren aurrean plantoa egin zuten eta gutuna bidali zieten espetxeko zuzendariei, epaile eta Justizia Ministerio frantsesera. Bigarren astean, berriz, ostiralean janariari uko egin zioten eta berriro ere gutunak bidali zituzten. La Santen, bestalde, komunikazio greba egin zuten lehen astean, eta aldarrikapene- rako beta hartu bigarrenean. «Bizi baldintza duinak» aldarrikatzeko janariari uko egin eta kontzentrazioak egin zituzten.

Meaux-Cahuconinen hilabete osoko gose greban daude, preso bakoitzak hamabost egunekoa eginez. Gose greban ez direnek ere janariari uko egiten diote. Nanterreko, Versallesko eta Osnyko espetxeetan ere itxialdiak eta komunikazio grebak ere burutu zituzten, eta propaganda ekimenak egin zituzten martxoko lehen bi asteetan.

Villepinten, azkenik, kontzentrazioak eta itxialdiak egin zituzten eta janariari uko egin zioten. Patioan eskuorriak ere banatu zituzten.

galiziA

Texeiroko espetxeko presoen 50 bat senitartekok elkarretaratzea egin zuten larunbatean Santiagon. Polizia espainolak baimenik ez zutela-eta euren kontrako neurriak hartuko zituztela ohartarazi zien.

mobilizazioak

Atzo presoen eskubideen defentsan 20 lagun bildu ziren Bermeon, 84 Ondarroan, 26 Pasaian, 15 Euban eta Santurtzin, 19 Ordizian, 35 Ataunen, 25 Zaldibian, 100 Santutxun eta 55 Iurretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo