GARA > Idatzia > Ekonomia

Gipuzkoako hiltegi guztiak elkarte publiko bakar batean biltzearen alde agertu da EHNE

GARA | DONOSTIA

EHNEk Gipuzkoako hiltegiei buruzko hausnarketa plazaratu du, eta herrialde horretako hiltegiak elkarte publiko bakar batean biltzearen aldeko jarrera agertu du. Hedabideetara igorritako ohar batean, nekazarien sindikatuak nabarmendu du gaur egun egoera «oso nahasia» dagoela sektore horretan, «oso eredu desberdinetako hiltegiak» daudelako; pribatuak, kooperatibak, mankomunatuak, elkarte publikoak... bakoitzak kudeaketa sistema berezkoa duela. «Honek -azaldu du EHNEk-, elkarrekiko konpetentzia basatian sartzera bultzatu ditu eta ondorioz prezioen borrokan murgilduta daude», eta borroka hori bertako baserritarrak kaltetzen ari da.

Aipatu dinamika hori apurtu behar dela uste du EHNEk, eta, bere iritziz,«bertako txahala indartzeko ekimenak» jarri behar dira martxan, esparru guztietatik, baita hiltegietatik ere, «eskura izan daitezkeen bitarteko guztiekin». «Ezinbestekoa da guretzat hiltegien izaera publikoa bermatzea, esku pribatuetan utziz gero sektorearen aurkako jardueretan murgiltzen baitira tresna hauek», adierazi du sindikatuak.

Alde horretatik, ez du gaizki ikusten elkarte publiko horren lan esparrua Gipuzkoa baino zabalagoa izatea, nahiz eta, alternatiba zain egotea bada, bertakoarekin hastea hobesten duen. Elkartearen egiturari dagokionez, aukera egokiena «udalerri guztiek eta Aldundiak osaturikoa» litzatekeela uste du EHNEk.

Aurten martxan jarri

Aurrera begira, gainera, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak lehen sektoreak parte hartu behar duela eta erabakitzeko ahalmena izan behar duela uste du, eta adierazi du «esperientziak» erakusten duela «zeinen erraz uzten den bazter batera lehengo sektorea». «Alderdi bakoitzak edota udal gobernu bakoitzak izan ditzakeen uneko interesez gaindi jardun dezakegu baserritarrok, eta honek bakarrik ahalbidetu dezake elkarte honek bide egokian lan egitea», gaineratu du.

EHNEk, «bizi dugun egoera benetan larria» delako, azkar mugitzeko eskatzen du, «urte oso gutxiren buruan lehenengo sektorerik gabeko herri bat izan nahi ez badugu», eta horregatik urtea bukatu baino lehen elkartea martxan jartzea proposatzen du.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo