Herri indigenak izango dira komunikatzaile, Zinema eta Kooperazio Emanaldian
A. ARRUTI | BILBO
Duela 16 urte hasi zen Gasteizen Zinema eta Kooperazio Emanaldia eta aurten lehenengoz Ipar Euskal Herrira ere egingo du salto. Mugarik Gabe GKEak antolatuta, hainbat pelikula proiekzio eta hitzaldi egingo dira datorren martxoaren 25era bitartean. «Gurekin batera egongo diren indigenek komunikabide eta teknologia berriak erabiliz gerturatuko dituzten alternatiba eta proposamen berri anitz dituzte. Izan ere, indigena komunikatzaileak dira, komunikazioa helburu eta euren garapena lortzeko tresna gisa erabiltzen dutenak», adierazi zuten antolatzaileek. «Kamera hartu eta, historian lehen aldiz, antropologia dokumentalen objektu izatetik, ekoizle eta protagonista izatera pasa dira», gaineratu zuten.
Hiru izango dira proiektatuko diren filmak, 2009ko urrian Txilen ospatutako zinema eta bideo indigenen jaialdian hautaturiko dokumentalak. Atzo Txileko «El velo de Berta» eman zuten. Gaurkoan, berriz, Venezuelatik iritsitako «Nuestra historia está en la tierra» filmaren txanda izango da. Zinema emanaldiak bihar bukatuko dira Mexikoko «13 pueblos en defensa del agua» lanarekin.
Proiekzioak 17.30ean, 20.00etan eta 22.30ean izango dira: Donostian, La Bretxan; Bilbon, Capitolen; eta, Gasteizen, Guridi zinemetan. Sarrerak 4 euro balio du eta bonoak 9 euro.
Mahai-inguruak
Bestalde, datorren asteartetik aurrera hiru hitzaldi antolatu dituzte eta hiri ezberdinetan izango dira txandaka. «Komunikazioa, borrokarako eta eraldaketarako emakumeen tresna» izango da bata. Bertan Jeannette Paillan, komunikatzaile maputxea eta Herri Indigenetako Zinema eta Komunikazio Koordinakunde Latinoamerikarreko kidea izango da. Horrekin batera, June Fernandez Kazetarion Berdinsareako kidea eta Marta Matzir Guatemalako UK´UX B´E-ko lehendakaria ere izango dira. Bigarren hitzaldian, «Nazio anitzeko estatuak eta prozesu politikoak. Ekuador eta Boliviaren kasuak», Janeth Cuji, CONAIEko komunikazio zuzendaria eta Julia Ramos Emakume Indigena eta Nekazarien Konfederazio Nazionaleko kideak hitz egingo dute. Hirugarrena, «Transnazionalen eragina Kolonbiako herri indigenetan eta euren mundu mailako ardurak», Antioquiako Erakunde Indigenako kontseilari William Carupia eta OMALeko kide Tania Martinezen eskutik.