GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Analisia | Eskualdeetako hauteskundeak

Roussetek emaitza ikusgarriak izan ditu, baina baita PNBk ere

Abstentzioak indar guztiak zigortu baditu ere, batzuek besteek baino hobeto eutsi diote zartakoari. Hala, PSko buru Roussetek berak Akitanian erdietsitako emaitzak ikusgarriak izan dira. Ipar Euskal Herrian, berriz, aipagarriak dira PNBrenak eta, oro har, baina zentzu ezkorrean, Europe Ecologiek izandako porrota.

p010_f01_199x128.jpg

Arantxa MANTEROLA

Igande gaueko emaitzek zerbait garbi utzi badute, benetako garailea abstentzioa izan dela da. Boto-emaileen interes ezari gobernuaren politika zigortzeko joera gehitu zaio eta bitik batek, oro har, ez du hautes-lekurako bidea egin nahi izan.

Akitaniako emaitzek, halere, hainbat gauza utzi dute agerian. Azken bi legealdietan eskualdeko kontseiluburua izan denak, Alain Roussetek, irabazi izana ez da ezustekoa izan. Baina, 2004an ez bezala, (orduan Berdeak eta PRG alderdia lagun zituen), oraingoan bakarrik aurkeztu da lehen itzuli honetan eta lortutako portzentajea antzekoa izan da.

Duela sei urteko aliatuek, aldiz, porrot ederra jaso dute. Iazko europarretan PSren aurretik geratu izanak, berriro ere, Europe Ecologie-ren formula errepikatzera bultzatu zituen. Alta, apustua ez zaie batere ondo atera, ez baitute lortu %10era iristea ere. Horrenbestez, hurrengo itzulirako beste norbaitekin bat egin beharko dute muga horretara heltzeko edo, bestela, Roussetekin berriro bat egin.

Hori bai, besteren artean, bi arazo handiri aurre egin beharko diete. Batetik, aliantza egiterakoan beren baldintzak ezartzeko indar eskasa dute eta, bestetik, AHTren proiektuarekin kontraesan nabarmenak izango dituzte. Izan ere, Rousset burdinbide berriaren sustatzaile sutsua da eta argi utzi du behin baino gehiagotan ez duela amore emango. Berarekin bat egitekotan, Europe Ecologiek, afera hori nola kudeatuko duen ikustea interesgarria izango da.

Xavier Darcos Lan ministroak gidatzen zuen eskuineko hautagaitzari, berriz, puntu bakarra falta izan zaio orain sei urte lortutako emaitzak eskuratzeko, baina oraingoan, Alain Lamassourek zioen moduan, lehen itzulitik «aliantza guztiak itxita» aurkeztu da. Beraz, eskuin muturreko FNtik eta, jakina, etxean geratu den hautesle multzotik ez bada, ez du izango boto-iturri berririk. Are eta gutxiago, hirugarren geratutako Forces Aquitainengandik (MoDem).

Jean Lassalle diputatuaren zerrendarena egiazko fenomenoa izan da, zentristek Akitanian inon ez bezalako emaitzak izan baitituzte. Igande gauean bertan, bigarren itzulian aurkezteko parada ematen dion %10a gainditu zuela jakin bezain pronto, Lassallek adierazi zuen datorren igandeko lasterketan izango direla. Hortaz, gutxienez hiru indar politiko aurkeztuko dira martxoaren 21eko bigarren itzulian.

FNk, berriz, ez du aurrekoan bezala aukera hori izango %8,27n geratu baita. Kontseilu berrian ez du, beraz, ordezkaririk izango.

Ipar Euskal Herrian, boz abertzaleari dagokionez, PNBrena izan da beste fenomeno berri bat. Hiru lurraldeetan 6.318 boz eta guztira 7.000tik gora erdietsita, europarretan ezustean hasitako joera mantendu ez ezik, gainditu ere egin dute jeltzaleek, orduan baino ia 3.000 boz gehiago jaso baitituzte.

Azken urteetan bakarrik aurkezteko bigarren parioa izan da honakoa. Euskadi Europan hautagaitzak botoa zergatik erakarri duen aztertzerakoan, faktore ezberdinak hartu beharko dira kontuan, zalantzarik gabe. Horietako batzuk honakoak izan daitezke.

Alde batetik, abertzaletasun moderatuak betidanik boz-poltsa bat izan duen arren, gehienetan zentristen zerrendetan txertatu edota haien alde bozkatzera deitu izan dute. Bere burua, konplexurik gabe aurkeztean, bere boto-emaileak deskubritu egin dituzte.

Bestetik, bere esparru naturaletik harago ere bildu ditu botoak. Seguru asko, abertzaleengandik batzuk (baita ezkerrekoengandik ere) baina ideologikoki beren burua nazionalistatzat ez dutenengandik ere jaso dute uzta. Honetan, azken urteetan Euskal Autonomia Erkidegoaren eredua eta «emaitza onak» etengabe goraipatu izanak zerikusia izango du. Autonomiatik edo independentismotik argiki aldentzen direla erakutsi -eta baita adierazi ere- egin dute baina, aldi berean, Ipar Euskal Herriaren geroa Hego Euskal Herrikoari eta batez ere EAEri lotuta izateko komenientzia saltzen jakin dute. Eta mezu hori errotzen joan da pixkanaka.

Euskal Herria Bai (EHBai) koalizioak, berriz, ez du berezkoa duen botoa astindu. Protesta boza eskatzeak, jakina, zerikusia izan du emaitzetan (4.000 bat baliogabeko boz bereak jo ditu). Peio Etxeberri-Aintxartek adierazi bezala, «abertzaleek erregioko kontseilua ez dute beren erakundetzat hartzen», baina bestelako arrazoiak ere izan daitezke erdietsitako erantzunean.

Hasteko, koalizioak berak herren ekin zien hauteskunde hauei, EAk Europe Ecologierekin joatea hobetsi baitzuen. Bestetik, kanpaina egin badu ere, argi da ez dutela indar guztia jarri protesta boza biltzeko. Eskaera hori bera, protesta bozaren balioa alegia, ez da barneratu eta zenbait abertzalek ez du beharrezko jo «baliogabeko» boza ematera joatea.

Horiek horrela, egia da, bestalde, boz hauek etorkizunekoen atariko prestaketa izan direla. Izan ere, hemendik bi urtera izango diren kantonamendukoetan, seguru asko jendea gehiago lotuko zaio bai ezkerreko abertzaleak bateratuta egin dezaketen lanari eta, hortaz, baita kanpainari eta boza emateari ere.

EAren boza, berriz, «urtua» geratu da Europe Ecologisteren uretan eta gainerako indarrek, Akitaniako eta oro har Estatuko bilakaera izan dute. Aipagarria da, halere, eraberritutako ezkerra islatu behar zuen NPAk ez duela, oraingoan ere, bozetan finkatzea lortu.

BLOQUES

La posición del PS en la segunda vuelta se reforzará si consigue el apoyo de ecologistas y formaciones de izquierda. Este bloque lograría el 53% de los votos frente al 39% del bloque derechista del entorno de la UMP.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo