«Haragizko amoreak», Edorta Jimenezen poesia ahotsaren itzulera
A. A. | BILBO
Azken 21 urtetan isilik egon da Omar Nabarro, Edorta Jimenezen baitan sortutako poesiarako ahotsa. Lau poema liburu argitaratu zituen eta desagertu egin zen. Berpiztu egin da, ordea, eta pizte horren emaitza da «Haragizko amoreak» (Susa).
«Omar Nabarro ahotsa da eta ahots hori desagertu egin zen nire baitatik, ni biologikoki naizen pertsona honen baitatik. Ahalegindu izan naiz nire izaera kontzientean ahots hori berreskuratzen eta tarteka egin izan ditut kantuak...», azaldu zuen Jimenezek. «Baina ez zetorkidan eta, halako batean, alde batetik poesia irakurtzen, bestetik, sarritan Zugarramurdira ikasleekin joaten, eta han, batez ere, Grazianaren irudiarekin, emakume errearen irudiarekin, hasi zen ahots hori nigana etortzen eta koadernoetan idazten hasi nintzen ahotsari leku egiteko».
Sagarraren gorazarrea
Amodio poemak biltzen ditu «Haragizko amoreak» liburuak, baina amodioa zentzu zabalean hartuta: «Etengabeko erreferentzia dago Graziana Barrenetxeari. Zugarramurdiko ehizaldian martiria izan zen emakumeari. Beraz, historiaren oihartzunak ere badaude, naturarenak...».
«Zer ete da andra erdiaren zauria? Sagar errea, eta ardoa gorria». XV. mendeko poema anonimo horretatik abiatuta, «sagarraren gorazarrea» egiten du, hau da, «ordura arte sagarrak izan zuen esanahia hartzen du, emakumearen sexu biologikoaren irudia da, besteak beste. Liburuak erotismo gaiak hartzen ditu, gaua, grina, gorputza, haragia.
Lau ataletan banatu ditu poemak: «Sagar errea», «Metalezko sagarra», «Sagar gorriak» eta «Sagar laztanak». «Lehenengo sagarraren debekua zegoen baina kendu egin nuen», azaldu zuen idazleak. «`Sagar errea'-n sexua, haragien arteko elkarketa dago».
Bigarren atalean nolabaiteko paisaia urbanoago batera egiten du salto, hirira, eta, zehatzago izateko, Bilbora. «Baina ez dut manikeoa egin nahi izan, alegia, hiria naturaren ukapentzat irudikatu», zehaztu zuen. «Hirian ere erotismoa badago, haragiak ere badu bere lekua. Hirian sartu den metal berriarekin, titanioarekin, sortu den itsumena edo itsukeria ere salatzen du. Nolabaiteko iraganaren minez begiratzen diot hiriari, Bilbori, baina baita ironiaz ere».
Gai hau azkenean lotu egiten da azkenengoarekin eta hirian berriro ere Graziana agertzen zaigu, «Akelarreko Graziana».
Hirugarren zatia, berriz, «Sagar gorria», «emakume askoren haragiaren ospakizuna da, iraganera begiratzea. Eta, azkenik, `Sagar laztanak' itzulera da, nire sorterrira eta nire inguruan bisitan izan ditudan emakumeetara: amama, amaren tabua... Amaren sexu jarduna, hori tabua da, oso gogorra da eta horri dedikatu diot poema bat». Bestalde, poema batzuetan «nolabait interlokutore hartzen ditut nire baitan amama, ama edo alaba, eta liburuak berak beste tonu bat hartzen du», esan zuen.
Jimenenezek ez daki Omar Nabarroren ahotsak iraungo duen edo ez. «Poesia fede kontua ere bada eta ahotsarekin batera emozioa itzuli da, ahotsa eta emozioa batera datoz eta ahots emozionatu horrek sinesmena dauka. Ahots horrek emoziorik ez badauka sinesmena ere galtzen du eta orduan apurtu egiten ditu poemak. Espero dut poemak ez apurtzea».
Emozioak emozio, «pozik egongo nintzateke nire poema bat irakurtzean irakurleren batek negar egingo balu», aitortu zuen.