Jose Luis Paulin Seijas Oiartzun ke?-ko kidea
Atez ate versus errausketa
Atez ateko bilketak birziklatze mailarik altuena lortzen du, materia organikoa (hiriko hondakinen arazo iturri handiena) modu egokian kudeatzen du, osasunarekiko eta ingurumenarekiko adeitasunezko aukera da. Eta, gainera, geure kontsumoaren, erabileraren eta eragiten ditugun hondakinen inguruan kontzientziatzen gaitu
Hiriko hondakinak kudeatzeko atez ateko bilketaren mailakako ezarpena dela-eta, gizarteko eztabaidaren aurrean gaude. Aukerak hauek dira: atez atekoa edo errausketa (lau edo bost edukiontzirekin). Argudio asko entzuten ditugu, baina bat ahazten da: osasuna. Horrenbestez, Gipuzkoako errausketaren aurkako koordinadoratik, duela zortzi urte Txingudi Bizirik taldeko sanitarioek kaleratu zuten manifestua gogoraraztea egokia dela uste dugu. Gipuzkoako osasun langileen artean (sendagile eta erizainak) 500 sinadura lortu zituen. Beren ondorioak ez dira iritziak, nazioarteko ikerketa zorrotz zientifikoetatik atera baitira; gainera, azken belaunaldiko errauste-plantekin ere ikusi dira.
«1.-Medikuntza ikerketen arabera, zaborren errausketarekin (gas eta hondakinekin) zerikusia duten patologia kopurua nabarmen handitzen da 10 kilometrorainoko tartean.
2.-Zaborrak erraustean, dioxinaz, furanoz eta metal astunez osatutako gasak sortzen dira, baita hondakin solido oso toxikoak eta ezagutzen ez diren beste batzuk ere.
3.-Dioxinak eta furanoak minbizia sortzaileak dira, suntsitzen zailak dira eta animalia eta gizakiaren gorputzean pilatzeko joera dute.
4.-Dioxina eta furanoen kopuruak ez dauka kalterik eragiten ez duen gutxieneko mailarik.
5.-Haurrak dira gehien sufritzen dutenak.
6.-Metal astunek, maiz errausketatik sortzen direnek, kalte konponezinak eragiten dituzte nerbio sistema zentralean eta umekien patologiak.
7.-Dioxinen eraginpean dauden landareetan, airean baino 85.000 bider dioxina gehiago meta daitezke.
8.-Lurzoruan eta janari kutsatuekin elikatutako ganaduan konposatu hauen kontzentrazio altuak pilatzen direla ikusi da.
9.-Dioxinak oso disolbagarriak dira gantzetan. Hori dela eta, kate trofikoan gora, azken mailako indibiduoek airean dagoena baino milioika aldiz kontzentrazio altuagoak pilatzen dituzte.
10.-Gure familiei eta gaixoei izadian berez ez dauden eta errauste planta batean zaborra erretzearen ondorioz sortzen diren gaiek eragin ditzaketen arrisku larriez ohartarazi beharra dugula uste dugu.
Ez dugu nahi Gipuzkoako herritarrak, bereziki gure seme-alabak, minbiziaren eta beste patologia batzuen ikerketan erreferentzia izan, munduko beste toki batzuetako biltzarretan eta foroetan halako eritasunen adibide gisa jartzeko».
Horregatik, koordinadorako kideok atez ateko bilketa aukerarik egokiena dela uste dugu. Birziklatze mailarik altuena lortzen du, materia organikoa (hiriko hondakinen arazo iturri handiena) modu egokian kudeatzen du, osasunarekiko eta ingurumenarekiko adeitasunezko aukera da. Eta, gainera, beste estamentu batzuk ahaztu gabe, geure kontsumoaren, erabileraren eta eragiten ditugun hondakinen inguruan kontzientziatzen gaitu.
Badakigu iritzi ezberdinak daudela, agian arazoen beldur, aldaketa dela-eta. Baina aldaketarik gabe dagoeneko baditugu, eta administrazioaren aukerarekin, errausketarekin, larri eta handiagoak izango ditugu, guk eta geure seme-alabek. Atez atekoak funtzionatzen du eta sistema zabalduko balitz, ez litzateke errauste planta bat behar izango.
Jaitzubiako errauste planta ez eraikitzea lortu genuen eta hainbat herritan hondakinen kudeaketa modu ekologikoenean hasiko da, baina administrazioaren asmoak ezin ditugu ahaztu: Zubietan errauste planta bat ezartzea. Herri horiek errausketaren ondorio kaltegarrien menpe jarraituko lukete, atez atekoa lortzeak ez gaitu errausketaren kalteetatik babesten. Eredu izateko borrokatu egin behar da, baita errauste planta ez eraikitzeko ere. Parte hartu: Errausketarik ez, ez hemen ez inon.
Behin, norbaitek esan zuen: «bizitza leku arriskutsua da, ez gaizkia egiten duten pertsonengatik, gertaerei eserita begiratzen dietenengatik baizik».