Rubalcabak okerreko bidetik jo du
Euskal alderdiak, oro har, bat etorri ziren atzo Jon Anzaren desagertzearen eta heriotzaren inguruan dauden puntu ilunak nabarmendu eta kasua argitu arteko ikerketa eskatuta. Brian Currin hegoafrikar abokatu eta gatazka politikoetako bitartekariak, gainera, hartarako batzorde independente bat beharrezkoa dela agertu zuen, euskal herritarren susmoak uxatzeko. Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro espainolak, ordea, kontrako bideari heldu zion; mehatxuari, hain zuzen, normaltasun irudia agerrarazi nahian baina urduritasuna ezkutatu ezinik.
Ez dirudi jarrerarik egokiena hainbat hedabide frantziar eta espainiarrek argitaratutako ikerketek Estatu espainiarrerako norabidea seinalatu dutenean. Eta ikerketa ofizialak ez du norabide hori baztertu. Aitzitik, frogatutako egitateak dira segurtasun indar espainiarrek bazekitela Jon Anza ETAko militantea zela, haren hatz-markak erakunde horren zulo batean aurkitu baitzituzten; halaber, Anzaren sendiak hura desagertua zela jendaurrean agertu zuen egun berean, lau guardia zibil Tolosako apartamentu batetik presaka irten zirela, bertan bi pistola ahaztuta. Eta Polizia espainiarrak ez zizkien agintari frantziarrei bi egitate horiek jakinarazi. Orain arteko ikerketak baztertu duen hipotesi bakarra Perez Rubalcabak iradoki zuena da, euskal militante zendua bere kabuz desagertu zela; beraz, horixe izan da desagertzearen gaineko «asmakeria» bakarra. Horrenbestez, minberati jartzen hasita, eta orain arteko datuen argitan, kereila jartzeko benetako motiboa duena Jon Anzaren sendia da.
Ministroaren kezka nagusia Jon Anzaren heriotzaren inguruan gertatutakoa guztiz argitzea izan beharko luke. Izan ere, Barne ministro baten zeregina herritarrak babestea da, ez bere poliziak. Hortaz, bere betebeharra ikerketa zorrotza egiteko bitarteko guztiak jartzea da, eta ikerketa hori bururaino eraman ondoren, hartu beharreko neurriak hartu eta nork nor iraindu duen ikus lezake. Hala egin ezean, hobe luke isiltzea.