Tourrari begira, plan aldaketa egin du madrildarrak
Euskal Herriko Itzuliari uko egin dio Alberto Contadorrek
Kataluniako Itzulia ere baztertu du. Horien ordez, Fléche Wallone eta Liejako klasikoetan parte hartuko du.
GARA | MADRIL
Alberto Contador Astana taldeko txirrindularia aurten ez da ibiliko Euskal Herriko eta Kataluniako itzulietan. Gure errepideetan igarotzen den lasterketak izan duen garaileetako bat da madrildarra (birritan irabazi du proba hau, 2008an eta 2009an), baina Tourrari begira bere egutegia aldatu nahi duela adierazi zuen atzo.
Hala, aipatutako bi lasterketa horien ordez, Pintokoak Nazioarteko Criteriumean (hilaren 27 eta 28an), Gaztela eta Leongo Itzulian (apirilaren 14tik 18ra) eta Fléche Wallonne (apirilaren 21n) eta Lieja-Bastoña-Lieja (apirilaren 25ean) klasikoetan parte hartuko du.
Urtea ondo hasi du Tourrean bi aldiz garaile izandakoak. Algarbeko Itzulia eta Paris-Niza irabazi eta gero, planak aldatu ditu Astanako zuzendariekin hitz egin ostean: «Oso emaitza onak izan ditut urteko lehen bi lasterketetan, nire prestakuntza bide onetik doa, eta ez dut pasatzeko arriskurik nahi. Horregatik erabaki dugu egutegia aldatzea, bai niretzat, bai taldearentzat neke gutxiago dakarten lasterketak bilatzeko».
Paris-Niza klasikoa irabazteko esfortzu fisiko eta mental handia behar izan du kirolariak. Baina prestakuntzaz gain, txirrindulariak beste arrazoi bat ere gaineratu zuen bere planak aldatzeko: «Horrela, Tourrean ondoan izango ez ditudan taldekide batzuekin egoteko aukera izango dut, Vinokourovekin esaterako».
Dauphine Liberen ere
Bestalde, honela aztertu zituen Contadorrek lehiatuko dituen probak: «Criteriuma nire ezaugarriei oso ondo egokitzen den lasterketa da; gainera, ilusio handia egiten dit korritzea ohore handia baita. Gaztela eta Leongo Itzuliari maitasun berezia diot, eta data aldaketa ondo etorri zait esperientzia hartzeko balioko didaten klasikoetara joateko. Hauek egiteko gogo handia dut, xarma berezia dutelako, baina garaipenarengatik lehiatzeko ni baino gaitasun gehiago duten txirrindulariak egongo direla badakit».
Programa berri honen ostean, Contadorrek atsedenaldi labur bat hartuko du ondoren Dauphine Liberen parte hartzeko eta bere hirugarren Tourra izan litekeena prestatzen jarraitzeko.
Plan aldaketa dela-eta, Alberto Contadorrek eta Lance Armstrong estatubatuarrak -madrildarraren taldekide ohia- Nazioarteko Criteriumean eta Liejan neurtuko dituzte indarrak. Bien arteko lehiak ikusmina pizten du beti ikusleen artean.