Tirreno-Adriatiko
Bi segundoko denbora-sariak garaipena eman dio Stefano Garzelli italiarrari
GARA | SAN BENEDETTO DEL TRONTO
Stefano Garzelli italiarrak irabazi zuen aurtengo Tirreno-Adriatiko lasterketa. Acqua e Sapone taldeko txirrindularia bigarren tokian zen etapa hasieran, Michele Scarponi liderra bi segundo aurretik zegoela, baina helmugarako 20 kilometroren faltan bi segundoko denbora-saria lortu zuen irabazleak eta lasterketa osoan lortutako emaitzarik onenengatik eraman zuen garaipena.
Esprintean amaitutako azken etapa Edvald Boasson Hagen norvegiarrarentzat izan zen, Alessandro Petacchi (Lampre) eta Sacha Modolo (Colnago) italiarren aurretik sartu baitzen.
Etapako ezustea Mark Cavendishek eman zuen, helmugarako 7 kilometroren faltan lurrera erori baitzen. Istripuak ez zuen ondorio larririk izan eta lasterketa arazorik gabe amaitu ahal izan zuen.