Zigorra
Valverdek ezin izango du bi urtez Italian lehiatu
GARA | MADRIL
Alejandro Valverde txirrindulariak ezin izango du datozen bi urteetan Italian lehiatu, ustez «Puerto auzian» zerikusiren bat duela-eta. Hori baieztatu zuen atzo Kirola Epaitzeko Auzitegiak (TAS), izan ere, Italiako Batzorde Olinpikoak (CONI) Valverderi zigorra ezartzeko ahalmena duela adierazi zuen.
Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak (UCI) begi onez hartu zuen erabakia eta zigorrak nazioarte mailako eragina izatea nabarmendu zuen.
Murtziarraren abokatuek, ordea, erabakiaren aurkako helegitea aurkeztuko dutela adierazi zuten, «epaile-talde honen inpartzialtasun ezagatik eta txirrindulariaren oinarrizko eskubideak urratzeagatik».
Caisse D´Epargne txirrindulariaren taldea ere zigorraren aurka agertu zen. «Valverdek ez du halakorik merezi» adierazi, eta murtziarraren portaera etikoa nabarmendu zuen.