Thailandiako oposiziogileek beren odola isuri dute Gobernuaren egoitzan
Lehen ministroa kargugabetzeko Thailandian egiten ari diren protesten baitan, «gorriek» odolez zipriztindu zuten Gobernuaren egoitza, herriaren «sakrifizioa» irudikatzeko. Segurtasun neurri bezala, Parlamentuko bilera atzeratzea adostu zuten legebiltzarkideek.
GARA
«Alkandora gorriek», Abhisit Vejjajiva lehen ministroa kargutik kendu nahi duten oposiziogileek, beren helburua lortzeko protestak egiten jarraitu zuten atzo, eta horien harira, beren odola isuri zuten Gobernuaren egoitzan. Herriaren sufrikarioa irudikatu nahi izan zuten era horretan, herrialdeko eliteek baztertuta dutela ikusten duen herriarena.
Erbesteratutako Thaksin Shinawatra lehen ministro ohiaren jarraitzaileak goizeko aurreneko orduetan inguratzen hasi ziren odola ateratzera, eta arratsaldean horrekin blaitu zituzten Gobernuaren egoitzako hormak.
«Odol eskaintza»
«Herri honengatik sentitzen dugun maitasunaren zintzotasuna erakusteko egiten dugu odol eskaintza hau», azaldu zuen Veera Musikapongek, «alkandora gorrien» mugimenduko buruetako batek.
«Modu honetan, Abhisit eta bere ministroek, egoitzara sartu nahi badute, herriaren odola zapaldu beharko dute», gaineratu zuen Nattawut Saikur manifestariak.
«Gorriek» beste edozeren gainetik nahi dute Abhisiten burua. Herrialdearen iparralde eta ipar-ekialdean nagusi dira, eta, oro har, nekazariak dira. Egun agintean dagoen Exekutiboari Thaksinen aurkako estatu-kolpea gauzatu izana leporatzen diote, eta, ondorioz, ez dute haren zilegitasuna onartzen. Parlamentua desegiteko eta hauteskundeak aurreratzeko exijitzen diote lehen ministroari.
Helburuak lortu arte Bangkokeko protestek jarraituko dutela ziurtatu zuten arren, agintariek aurreikusten dute sei edo zazpi egunez luza daitezkeela, Suthep Thaugsuban lehen ministrordeak adierazi zuenaren arabera.
Nolanahi ere, Abhisitek kargua uzteko aukera baztertu du behin eta berriz.
Thailandiako Parlamentuak atzeratu egin behar izan zuen atzoko bilera, hura egiteko quoruma ez zelako. Izan ere, parlamentarien hiru laurdenek ez joatea erabaki zuten, segurtasun neurriak argudiatuta. Protestek liskarrak eragingo ote zuten beldur ziren.
Aukera horren aurrean, agintariek 50.000 soldadu eta polizia atera zituzten Bangkokeko kaleetara. Hala ere, oraingoz ez da inolako istilurik sortu protestetan. Astelehenean bi soldadu hil ziren granadaz eginiko eraso batean, baina Gobernuak ez zuen gertaera hori mobilizazioekin lotu.
Mobilizazioek uste baino arrakasta txikiagoa izan dutela-eta, zenbait albiste agentziek atzo iragarri zuten litekeena dela «alkandora gorrien» buruzagietako batzuek protestak epe laburrean bertan behera uztea.