«Clandestinos», afrikar emigrazioaren hamaika leiho
Emigrazioari buruzko ikuspegi «kaleidoskopikoa» ematen saiatu da Martin Aldalur kazetaria bere lehenengo liburuan. «Clandestinos» pateratan iristen diren afrikar etorkinen bidaiaren kontakizuna da, bai protagonisten ahotik, bai kazetari edo artistenetik.
Ane ARRUTI | BILBO
Alderantzizko bidea egin du, nolabait, Martin Aldalur (Zarautz, 1982) kazetariak. 2006an Kanaria uharteetara joan zen freelance lan egitera, «urte hartan kaiukoak masiboki heldu ziren», oroitu zuen. Ondoren kontinente beltzera salto egiteko aukera izan zuen eta bertan aritu zen lanean, Maroko, Magreb, Mauritania eta beste hainbat lurraldetan. «Iritsi zen momentu bat, komunikabideetan interesa jaisten joan zena. Nik leku ezberdinetan bilatu nuen informazio hori `kolokatzeko' eta ez nuen erantzunik topatu. Baina banuen konpromiso hori eta ezin nuen alde batera utzi. Momentu zailak pasa ondoren, jarraitu egin nuen eta orduan atera zitzaidan liburua idazteko aukera hau».
«Clandestinos» (Ediciones B) lanak orduz geroztik jasotako 300 testigantza inguru bildu eta «afrikar emigrazio prozesua berregiten du. Etxetik ateratzen direnetik, hemen bizi diren arte. Horretarako indize moduko bat egin dut: motibazioak, bidea, harrera, integrazioa... modu sakon batean lantzen saiatu naiz dena», esan zuen. «Benetan zaila edo gogorra izan dena liburuko testigantzak dira. Sufrimendu eta ezbeharrak ikusi ditut gertutik, baina aurrera egiteko gaitasun handia ere bai».
Baina, liburu hau zerbaitek bereizten badu, zera da: ez ditu immigranteen testigantzak bakarrik jaso, «saiatu naizena da albistearen abiadura handi hori alde batera utzi eta prozesuan parte hartzen duten aktore guztiak eremu berdin batean jartzen. Honela, etorkinen ikuspegia, euren familiakoena jaso, baina politikariena, guardia zibilena, medikuena, kazetariena, artistena ere bai... Ikuspegi kaleidoskopiko bat eman nahi izan diot», azaldu zuen Aldalurrek.
Ikuspuntu anitzak
Papa Demba Fall, ikertzaile senegaldarraren hitzak oroitu zituen Aldalurrek, «boterearen diskurtsoaren kontraesanak» azaleratzeko: «Ezin dut ulertu merkantzia eta kapitalen liberalizazioari buruz hitz egitea, eta bestalde, gizakiak kontuan hartuak ez izatea globalizazioa deitzen diogun prozesu horretan». Bera da «Clandestinos»en agertzen den ahotsetako bat. Idazleak bat egin zuen senegaldarrarekin: «Finean, globalizazioak ez dauka zerikusirik unibertsaltasunarekin. Ezberdintasuna argi eta garbi agertzen da, eta horrek dirauen artean, emigrazioa egongo da».
Beste zenbat elkarrizketa ere bildu ditu: Juan Madrid, Juan Goitisolo, Jose Saramago edo Iñaki Gabilondoren emigrazioari buruzko ikuspegia jasotzen du, besteak beste. «Liburuak erantzuna eman nahi dio galdera bati, arazo bati, baina bakoitzak bere lekutik ematen du bere ikuspegia», zehaztu zuen.
Berak ere, bere «posiziotik» idazten duela aitortu zuen, «baina ez dut juizio itxi bat ematen. Irakurle bakoitzak egingo du bere irakurketa, irekita uzten dut. Hala ere -gaineratu zuen-, oso garrantzitsua da kontuan izatea emigrantea beti norbait ezberdina bezala ikusten dela eta emigrante egoera hori bere ezberdintasunera mugatu egiten dugula. Hori arriskutsua izan daiteke. Gure gizartean gaitz guztien arduraduntzat hartzen baititugu».
Oraingoz, gaztelaniaz argitaratu du liburua baina, aukera sortuz gero, euskarara itzultzea gustatuko litzaioke.
Etorkinen testigantzez gain, ikuspegi zabalago bat emateko, hainbat elkarrizketa egin ditu. Horien artean, Juan Madrid, Juan Goitisolo, Jose Saramago eta Iñaki Gabilondo daude.
«Clandestinos» liburua baino zerbait gehiago da. Izan ere, «www.clandestinos.info» atarian gaiari buruzko mapak, argazkiak eta informazio gehiago pilatzen joango da Martin Aldalur.