GARA > Idatzia > Euskal Herria

Egitasmo «eraikitzailea eta errealista» izateak ahalbidetu du PNBren emaitza

Pozik agertu ziren, atzo, Donibane Lohizunen, PNBko Euskadi Europan hautagaitzako ordezkariak eta EBBko burua joan den igandean, Akitaniako bozetan, lortutako emaitzekin. Beren mezua «errealista, eraikitzailea eta gertukoa» izan delako eskuratu dituztela esan zuten.

p016_f01_199x108.jpg

A. MANTEROLA |

«Mezu eta proposamen eraikitzaileak, errealistak eta ez demagogikoak» egin dituztelako erdietsi dituzte Akitaniako Kontseiluko bozen lehen itzulian halako «emaitza onak». Hori izan da, PNB-EAJko zerrendaburu Jean Telletxearen hitzetan, joan den igandean 7.000tik gora boz lortzeko giltza.

Beste hautagaitzen egitasmoek ez dutela apenas Euskal Herrira begirako proposamenik egin eta Akitaniako ikuspegia lehenetsi dutela gaineratu zuen. «Euskal Herriko premien eta igorritako mezuen artean alde handia dagoela sumatu dute herritarrek, esaterako, ardoaren arazoaz aritu dira, hemen benetakoa esnearena denean», esan zuen Urruñako kontseilariak.

Ildo beretik, Maitena Ugarte hautagaiak «gertutasuna eta tokiko ezagutza» ekarri izana nabarmendu zuen: «Gure programa jendearen arazo eta arran- guretatik gertu da eta, gainera, gero eta garbiago da erabakiak beren ingurutik hurbil hartzea nahi dutela».

Fruituak azaleratzen

Aldez aurretik, Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarreko buruak emaitzen «garrantzia» nabarmendu zuen beren poza agertuz: «Jabetzen gara zein baldintzetan aritu diren hemen lanean, baina emaitzek egiaztatu dute lan serio eta zorrotz horren fruituak azaleratzen hasi direla».

Urteetako lana eta jende berriaren alde apustu egin izana dira, Urkulluren esanetan, uzta hori ekarri duten faktoreak.

Kazetarien galderei erantzunez, Telletxeak adierazi zuen «denekin harreman onak» izateko prest daudela, baita ezker abertzalearekin eta Modemekin ere. «Gaur existitzen gara, eta harremanak ere orekatuagoak izango dira aurrerantzean. Era apalean bada ere, eraikitzeko gogoa helarazi dugu. Protesta zikloa apurtu eta eraikitzekora igarotzeko urratsa egin du abertzaletasunak» gaineratu zuen.

Jasotako bozen artean, ezker abertzaletik etorritakoak ere izan diren uste osoa du Euskadi Europan zerrendako buruak, «hainbat abertzalek ez diotelako atxikimendua eman bultzatzen zuen protesta-bozari. Bakarren batzuek zuzenean esan digute PNBren alde bozkatu dutela».

Datorren urteko udal eta kantonamenduetako hauteskun- deei dagokienez, ez zuen jakinarazi zein izango den beren jarrera, baina argi utzi zuen «orain bakarrik aurkezteko gaitasuna» badutela. «Gure mezua heldutasunera iritsi da eta sinesgarritasuna lortu dugu».

Bigarren itzulian aurkeztuko diren hiru hautagaitzak, beraien proposamenak kontuan hartzera deitu zituen PNBko ordezkariak. Haiekin inolako negoziazioetan ez dabiltzala ziurtatuta, «Euskal Herriaren mesederako bada, gure mesederako ere bada» esan zuen.

BATERA

Bateraren ekimenak babestu ditu PNBk, baita azken herri-kontsultarena ere. Alta, departamendutik harago, proposatzen duten «lurralde elkargoaren» aukera sakontzera dei egin zieten plataformako kideei.

Hiru zerrenda izango dira lehian datorren igandean

Igandeko emaitzen ostean aurreikusi bezala, bigarren itzulian hiru alderdi aurkeztuko dira. Alain Roussetek gidatzen duena da birmoldatu den hautagaitza bakarra, Europe Ecologie Aquitainen (EEA) eta Front de Gauchekoekin (FG) aliantza egin eta gero.

Horrela, Pirinio Atlantikoetako departamenduari dagokionez, EEAko bi hautagai aukeratuak izateko postuan kokatu dituzte, horietako bat Ipar Euskal Herrikoa (Alice Leiciagueçahar). Bera izango da, PSko hautagaietatik aparte, eserlekua izango duen euskal herritar bakarra.

Bakarrik aurkezteko apustua egin zuen ekologisten zerrendarekin AHT burdinbidearen proiektuaren inguruan zer nolako akordiora iritsiko ziren ikusmin handia zegoen. Antza, tren-garraioari buruzko agiri bat adostu dute eta, horren baitan, AHTren linea berriaren gaineko azterketa independentea finantzatzeko konpromisoa.

Gainerako bi zerrendak, Jean Lassallek eta Jean-Jacques Lasserrek gidatzen duten Forces Aquitaine (zentristak) eta Xavier Darcos ministroa eta Alain Lamassoure buru dituena (eskuinekoa) bere horretan geratu dira. A.M.

AHT-ri bai

Urkulluk argi utzi zuen Lapurdiko AHTren aferan, jeltzaleak proiektuaren alde daudela. «Estatu frantsesak ibilbidearen kontua nola kudeatu duen ez dugu ontzat ematen, baina Iparralde eta Hegoaldearen artean lotura behar da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo