Europar Batasunak uste du hartutako neurriekin Grezia «bide onean» doala
Europar Batasuneko Ekonomia eta Ogasun ministroek oniritzia eman zieten atzo Greziak bere defizit publikoa arintzeko hartu dituen neurriei, bide onean doala esanez. Greziako Gobernuak, bere aldetik, uste du nahikoak direla merkatuetako konfiantza berreskuratzeko.
GARA
Europako Batasuneko Ekonomia eta Ogasun ministroek bere oniritzia eman zioten Greziak defizita jaisteko hartutako neurri bereziei, eta Europako Batzordeak aurkeztu zuen txostenarekin, neurri horiek nahikoak direla esaten zuena, bat etorri ziren.
«Grezia bide onetik doa. Parlamentuak dagoeneko Gobernuaren neurriak onartu egin ditu defizit publikoa lau puntu jaisteko eta martxaxn daude» azaldu zuen Olli Rehn Gai Ekonomikoetarako komisarioak.
Bere aldetik, Yorgos Papaconstantinos Ogasun ministro greziarak uste du neurri horiei esker Greziako ekonomiak konfiantza berreskuratu duela merkatuetan eta, ondorioz, finanatzeko kostuak txikaigoak izango direla.
Rehnen ustez, erreformaren oinarria hazkunde ekonomikoa neurtzeko lehen egiten zen baino azterketa errealistagoa izango da.
Gainera, ez zien garrantzirik eman Europako Banku Zentralak aurkeztu dituen aurreikuspeneei. Aurreikuspen horien arabera, Greziako ekonomia %2 murriztuko da aurten, ustez baino gehiago.
«Egia da gure programa beste hazkunde zenbakietan oinarritzen zela, baina oraingo plana eso errealista da. Grezia bide onean dago bere kontuak sendotzeko», gaineratu zuen komisarioak.
Neurri berezien bukaera
Hala ere, Europako Batzordeak Greziako egoera ikuskatzen jarraituko du eta maiatzean beste txosten bat aurkeztuko du, aurrezteko neurriak -pentsioen sistema kasu- nola jorratzen ari diren aztertuz..
Bestalde, ministroek 2008. urtean ekonomia berpizteko martxan jarri zuten neurriak, banan banan bertan behera uzten hastea erabaki zuten.
«Bada garaia irteera estrategia prestatzeko eta nola egingo dugun adostu dugu. Hasiko gara sektore ekonomikoei laguntzeko neurriak kenduz, autogintzari emandakoak esaterako» azaldu zuen Elena Salgado, Ekonomia ministro espainolak eta Ecofineko presidenteak.
Ministroen arabera, bankuek enpreseei maileguak emateko ahalmenaren handitzen den neurrian, ekonomia berpizteko neurri bereziak desagertzen hasiko dira.
Berpizte ekonomikoa ziurtatuta dagola uste dutenean kenduko dituzte neurri horiek eta Europako Batasuneko ministroen ustez, hori 2010. urteko bigarren erdialdetik aurrera gertatuko da EB osoan, egutegia herri bakoitzaren egoeraren arabera erabakiko den arren.
Grezian ospitale publikoen eta energia zerbitzuko langileen greba izan zen atzo, soldaten jaitsieraren aurka. Atenasen, Poliziak gogor jo zuen manifestazio baten aurka, gas negar-eragilea ere erabiliz.