Kronika | «Literatura eta musika» Arriaga antzokian
Bernardo Atxagaren hitzetan, «Paradisuaz behera ez dugu ezer nahi»
Juan Carlos Perez musikaria eta Bernardo Atxaga idazlea Bilboko Arriaga antzokian izan ziren atzo, «Paradisuaz» berbetan, hemen eta orain.
Anartz BILBAO
Joxan Goikoetxeak eta Xabier Letek urtarrilean abiatu zuten Arriaga antzokiko «Literatura eta musika» zikloa Pier Pol Berzaitz eta Itxaro Bordak itxiko dute maiatzean, Xanet Arozena gitarra jotzailearekin. Eta bikote bata eta bestearen artean, Perez eta Atxaga izan genituen bertan atzo.
Ikuskizuna Arriaga antzokiko foyer dotorean burutu zen –eskaileren goiko aldean–, aulki guztiak beteak zirela (sarrera guztiak aurretiaz agortuak ziren). Ehun eta berrogeita hamar ikus-entzule ingururen artean, euskal kultura eta kulturgintzako jende ezaguna (De Felipe musikari aita-semeak, Mikel Martinez antzezlea, Landa anai-arrebak –Karmelo eta Asun–, baita kirolariren bat ere –Marino Lejarreta–. Entzuleria heldua, Perez eta Atxaga artisten belaunaldi berekoak (gazte gutxi, beraz).
Juan Carlos Perez (Mutriku, 1958) eta Bernardo Atxaga –Jose Irazu jaiotzez– (Asteasu 1951), iraganean elkarlana egindakoak dira. Besteak beste, idazleak asmatutako istorio baten gainean ETBk ekoitzitako “Flannery eta bere astokiloak” (1986) marrazki bizidunetako sailari soinua jarri zion musikariak, eta aurretik Itoiz taldearen “Espaloian” (Elkar, 1985) lanerako hitzen batzuk ere egin zituen idazle asteasuarrak.
Atzokoan “Paradisuaz” zuten oholtzara ekarri zituen ikuskizuna, aurretik “Erlea” aldizkariaren aurreneko alea jendaurrean aurkezteko Donostian emana, eta akaso etorkizunean Gasteizen edo beste nonbait ere emango dutena, Atxagak Bilboko alkateari adarra jotzeko esan zuenari erreparatuta –ikuskizuna amaitzerakoan, Bilbon den-dena barik Gasteizerako ere zerbait utzi beharraz mintzatu zen–.
Hizlari bikaina da Atxaga jendaurrean, jendearen arreta ez ezik testu umoretsuen bitartez entzulearen irribarrea eragiten dakiena, atzo Perezen pianoaren laguntzarekin berretsi zuenez. Tarteka, mutrikuarrak gitarra elektrikoa ere jo zuen, eta “Kantu Eroa” kantuan –“Atlantic River” (Elkar, 1994)– baita aho-soinua ere.
Gogor hasi zuen jarduna Atxagak, «paradisuaz, katuez eta abar»; Don Eulogio apaizak Arantzazun egin mahaikada ederra ahotan hartuta. Bertan galdetu omen zion Margaritak «non dago paradisua?» eta «hementxe, Margarita, hementxe» erantzun abadeak, jaki gozo eta zigarro puruen ke artean, Oteizaren 13 apostoluek burua astintzen zuten bitartean –gurean, ziurrenera, batek baino gehiagok lotuko du paradisua jan eta edan oparoarekin–.
Carpe diem, hemen eta orain
«Orion ehiztariaren balada» -«Hiriko istorioak» (Elkar, 2006)- pianoan eta Perezen ahotsean entzun ostean, «katuen paradisuaz» galdezka jarraitu zuen berbetan Atxagak, eta Pedro Muruagaren hitzak gogora ekarrita -infernuak beldurrik ezta zeruak pozik eman gabe ere, nahiago zuen berak emazteagaz paseoan ibili-, Adanek ere paradisutik jaurti zutenean negargurarik ez zuela egin gogorarazi zigun idazleak -antzeko zuhaitz eta izarrak ikusten omen zituen-, eta berriro ere oraina bizitzera gonbidatzen gintuela iruditu zitzaigun, «zer da bizitza, ez bada paradisuaz kanpokoa?» bota zigunean, Perezek «Ikaro» -«Ikaro» (Elkar, 2000)- jo ostean eta «Astelehen urdin batean» -Itoiz (Xoxoa, 1978)- ederraren aurretik.
Apurka-apurka iragana galtzen ari den Beatriz eta bere katu Bruno, «bizitzaren garrantziaz berandu ohartu eta aurkikuntza latza» egiten dutenak, paradisua xalo eta bortxarik gabe edo hilobiz betetzen duten margolariak, «heriotzarekin modu estuan lotuta» aurkezten dizkigu Atxagak ametsetan -Etxepare eta Axularren paradisuak albora utzita-; Perez gauez deitzen duen «Ama», «Etre» kantuan hotzez hildako txori txikiaz, jazz airez «Iluntzear dihoanean» kantuan Matxitxakoko keinuez edo «Hau beru!» abestian «biluzik eta zoruk modun» dabilen bitartean.
Arriagako lanak bukatuta, gaur berriro Bilbon izango da Atxaga, St. Patrick egunez -La Feile Padraig gaelikoz- Irlandari eskaini «Erlea» aldizkariaren 2. alea aurkezteko, 19.00etan eta Kafe Antzokian. Gero, gainera, Bizardunak taldearen kontzertua izango da bertan. Baina hau, bistan denez, beste kontu bat da.