GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Sorkun, Irazoki eta Napoka Iria saio akustikoan, Hondarribian

Bidasoa Burning jaialdiaren laugarren edizioa doinu akustikoz bustirik dator aurtengoan. Napoka Iria, Sorkun eta Joseba Irazokiren musika kontzertu akustikoan entzun ahal izango da gaur gauean, 22:00etik aurrera, Hondarribiko Psilocybenean ospatuko duten musika festan.

p047_f01_148x92.jpg

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Euskal Herriko musika panorama aberatsaren gune adierazgarrienetakotzat har dezakegu Bidasoa ibaiak bere bidean zeharkatzen duen lurraldea. Nafarroan, Bera herrian abiatu, Irun zeharkatu, Hendaia zipriztindu eta Hondarribiraino, musika eskaintzak borborka egiten du, musika era eta proposamen ezberdin bezain interesgarriak azaleratuz ur korronte eta olatu kolpe bakoitzean.

Dozenaka musika talde, kontzertu areto, gaztetxe eta entsegu lokalean artean, Bidasoa Burning sustatzailea topa dezakegu, bailarako musika taldeak bultzatu eta sostengatzeko ahaleginean. Urtero lez, hilabete hauetan guztietan egindako lana zuzeneko emanaldi batean bildu nahi izan dute, honakoan, rock&rolla alde batera utzi eta doinu akustikoak nagusituko direlarik edizio berezi honetan.

Joseba Irazoki, euripean

Musika proposamen ugaritan aritua, egun, Athom Rhumba, On Benito edota Rafa Ruedaren ondoan topa dezakegu Joseba Irazoki. Gaur gauean, «Euria ari du» diskoa aurkeztuko du musikari nafarrak, Felix Rudiger (Willis Drummond) bateria lagun izango duelarik. Giro barnekoiak, folk aldaerak, eta xuxurla akustikoak biltzen dituen lana, Moonpalace Records zigilu txikiak kaleratu du, eskuz eginiko diseinu ederreko artelanean.

Napoka Iria berriz, Eibar-Elgoibartik datorren bikoa dugu: Miren Narbaiza (ahotsa eta gitarra akustikoa) eta Ander Mujika (gitarra elektrikoa eta koroak) 2005ean abiatu zuten musika ibilbidea, talde ezohiko eta erakargarri bat sortuz. Euskal Herriko areto txiki, taberna eta gaztetxeetan egindako emanaldi ugariez gain, Japoniatik zehar buruturiko bira aipatu behar da bikoaren musika biografian.

Sorkun, «Akustika» biran

Agertoki handi eta milaka foku argitsuetatik at, aurrera doa Sorkunen «Akustika» izeneko bira. Errenteriako abeslariak, rock formaturako eginiko kantak, moldaera akustiko eta blues girora moldatuko ditu, Gorka Sesma, eta Iker Alvarez gitarretan lagun izango dituela. Kashbad-ekin zein bakarkako bidean argitaratu dituen kantuen errepasoa egingo du, «Hegaz», «Lurra» edota «Autolesioa» abestiei aldaera berria emanez.

Bidasoa Burning jaialdia gaur gauean izango da, Hondarribiko Psilocybe aretoan, 22.00etatik aurrera. Emanaldiaren salneurria, berriz, bost eurokoa izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo