GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atez ateko sistema garestia dela uste du PSEk eta emaitzak ez direla egiazkoak

Gipuzkoako PSEk atez ateko sistemak «askatasunaren aurka» egiten duela kritikatu zuen atzo, eta gaineratu zuen bilketa sistema hau ezarri duten udalek «eurenak ez diren eskumenak» hartu dituztela, eta beraz, honen aurka «amaieraraino» egingo dutela iragarri zuen.

p015_f03_21671.jpg

GARA | DONOSTIA

Atez ateko hondakinen bilketa sistema errefusatu zuen atzo Gipuzkoako PSEk, eta horren ordez, bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egiten duela azaldu. Edukiontzien sistemak hondakinen bilketa «garbia» egitea bermatzen duela adierazi zuen Denis Itxasok, alderdiko Ingurumen idazkari eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko lehendakariordeak, Donostian eginiko prentsaurrekoan. «Gure ustez hau da irtenbiderik bidezkoena, hiritarren askatasuna bermatzen duelako, bakoitzak jaits dezala zaborra nahi duen egunean», arrazoitu zuen.

Onartu zuen udalerri bakoitzak eskumena duela «hondakinak biltzeko sistema hautatzeko», baina nabarmendu zuenez, «Gipuzkoan orain dela hiru urte onartu genuen errausketa sistema ezarriko zela lurralde osorako, eta horretarako instalazioa Zubietan eraikiko zela». Gaineratu zuen orduan erabaki zutela «hondakinei eman beharreko tratamendua» Partzuergoak hartuko zuela bere gain.

Hein horretan, Itxasok gogor kritikatu zituen Hernani, Usurbil eta Oiartzuneko udalerriak. Haren ustez, ezker abertzaleak kudeatutako udalak, Ezker Batuaren «laguntzaz», hondakinen tratamenduaren arloko eskumenak bereganatzen ari baitira: «Atez ateko bilketa egiteko enpresak ari dira kontratatzen, eta gai organikoaren tratamenduari buruzko araudiak ari dira onartzen».

Horren aurrean, Ezker Batuak «gezurra» esatea egotzi zion Itxasori. «PSOE eta EAJ ikusten ari dira atez ateko bilketa eraginkorra dela, eta frogatuta geratu da inposatu nahi diguten erraustegia ez dela beharrezkoa».

Erraustearen alde

Erraustearen inguruan, Itxasok nabarmendu zuen bere alderdiak hondakin organikoen bilketa eraginkorra defendatzen duela: «Erraustetik ahalik eta zabor gehien salbuetsi nahi dugu, ahalik eta hondakin gutxien erretzea delako gure helburua». Aipatu zuen, halaber, hondakin organikoek –papera, beira edota ontziek bezala–, bigarren ziklo bat dutela beraiek bultzatutako sisteman, alegia, beharrezkoa den tratamenduaren ostean, «kalitatezko konposta» bilakatzea.

Ingurumen idazkariak aipamen hauek egiten zituen bitartean, Carlos Ormazabal, Partzuergoko lehendakaria, Lapatx zabortegian izan zen atzo, eta zabortegien bizitza «behar baino gehiago ez dadila luzatu» eta «erraustegiaren eraikuntza ez dadila atzeratu» eskatu zuen.

Bestalde, errauste plantarainoko bidea eraikitzeko lanak atzo bertan esleitu zituztela jakinarazi zuen Ormazabalek. «Lehiaketara hogei eraikuntza enpresa ezagun aurkeztu dira», gaineratu zuen.

Greenpeacek salatu zuen, baina, hori eraikitzeko asmoari alegazioak jartzeko epea artean indarrean dela, eta Ormazabalen hitzek agerian utzi dutela «alegazioen emaitza zein den ikusi gabe aurrera egingo dutela».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo