GARA > Idatzia > Kultura

Durangoko zilar astea

Igor Elortza: «Gurean kantura eta antzerkira gehien eraman den sortzaileen artean da Sarri»

p034_f02_091x128.jpg

A. B. | DURANGO

Plateruenak antolatutako Zilar Astea ekimen osoaren berri Igor Elortza durangarrak eman digu. Aurtengo udazkenean antzokiak bost urte betetzen zituela-eta, «pasa den udaldian gogoetatxo bat egin genuen», azaldu du bertsolariak. Eta programazio zein lan ildoari dagokionez, «euskarazko kulturgintza zabaldu eta indartu beharraz jabetu ginen, jendearengandik gertu izan zitezkeen proposamen parte-hartzaileen bidez», eta Plateruenaz gain «beste jende, talde eta gune batzuekin bideratuta».

Aipatu ikuspegitik iaz DF Bertsozale Eskola jarri zuen martxan Plateruenak, baita «Kantuaren kantoia» deitu jardunaldiak ere, Anari, Petti, Txuma Murugarrenek eta Mikel Urdangarinek burutu elkarrizketa musikatuak. Eta «Zilar Astea ildo orokor horren ekimenik pisutsu edo osatuena izatera dator».

Herri kultura

Urtero jorratuko den aste tematikoa da Zilar Astea, «ardatz baten gainean eraikia. Aipatu ardatza sortzaile bat izan daiteke, baita gai bat edo gertakari zein data konkretu bat ere». Eta ardatz horren inguruan, hiru ezaugarri nagusi izango ditu. Baga, «jorratzen den ardatzak -autore, gai edo gertakariak- emandakoa landu, aztertu eta batez ere plazaratzea». Biga, diziplina ezberdinen arteko elkarlana eragitea, sarri bakoitzak bere esparruan eta bere kabuz jarduten baitu, «eta aste tematiko bat adierazpide ezberdinak batu eta ekimen batzuk proposatzeko egokia dela iritzi diogu». Eta higa, «herri kulturaren ikuspegia lantzeko, jendeari parte hartzeko aukera eman eta Durango zein Euskal Herriko beste edozein elkarterekin batera elkarlanean».

Eta estreinako ardatz legez Joseba Sarrionandia hartuta, pozik dago Plateruenako lan taldea, «aurreikusitako helburuak lortu ditugula uste dugulako». Izan ere, Sarrik ondo lotzen ditu hiru ezaugarri horiek. «Idazle oparoa da, genero ugari landu ditu literaturan eta badu zer landu eta zer plazaratu. Gurean antzerki eta kantura eraman den sortzaile garrantzitsuenen artean dago, eta Durangaldeko semea dugu gainera».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo