GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Negargarria, benetan

Sutan jartzean probatzen bada zelakoa den eltzea, gure goiko Estatuak, liberté-egalité-fraternité ahotik ahora dabilen horrek, orain gutxi erakutsi du, berriro erakutsi ere, klimaren aldaketa esaten den horri aurre egiteko duen benetako borondatea. Gasen emisioa gutxitu behar dela aho handitik aldarrikatu goi-mailako bileretan, baina esku txikitik gasak emititzen segitu, jo eta su segitu ere. Horra, kasurako, lehengo irudia. Non eta Toulouseko gorputegiaren ataurrean. Zeintzuk eta senideak alde batean eta jendarmeak aurrean. Uniformedunek eskuan zer eta spraya, spray bana. Zer egin eta goiko botoia indarrez sakatu. Gas negar-eragileak senideen kontra, han ziren senideak negar-malkotan hasteko beste motibo baten beharrean baleude bezala. Gasa baino negargarriagoa da langile batzuek ofizioz hartu duten lanbidea, benetan. Frantziar izan edo israeldar izan, Palestinan ere holako irudiak ikusi izan baititugu aste honetan. Normala, beraz, han-hemenka lurra berotuz joatea, eta lurraldeko lurtar asko ere lurrarekin batera.

Gasak ere Pariseko errebaletan ostutako autoei darizkienak, honetarako edo hartarako izanda ere kutsagarriak. Hortaz, hango Gobernuak zabaldu duen bideoa ETB1eko just for laught programatik hartua dirudi, ustez gaizkile talde batekoak izan behar zutenak zinez oporretan zebiltzan suhiltzaile katalanak baitziren. Baten batek esango lukeen modura, bai, nahasmena izan da hor, baina hala ere hiltzaileak ziren horiek ere, su-hiltzaileak! Akabua! Eta bitartean, gure beheko Estatuko Barne Ministerioan pozik, seguruenik, gertatuak gertatua; han ere batek baino gehiagok lasaitu ederra hartuko zuen lehengoan, hasperenka. Bada inoiz ulertu ez dudan gauza beheko Estatu zer horretan, zergatik Barne Ministerioa esan Kanpo Arazoetarako Ministerioa esaten denean? Estatu horrek arazoak kanpoan baino ez dituela esate aldera akaso? Jainkoa!

Udaberrian gara. Eta jelkideen erreka zementatuetan urak uher doaz, ustezko ustelkeriaren hats-ukitu batekin joan ere. Buruak agudo atera dira plazara euren Think Gaur doktrina horretan jarduera oneko kodea ezarri zela gogoratuz. Tira, baina Gaur horrenak ez du zertan Think Bihar doktrina baldintzatu. Eta biharko uraren nazioarteko egunaren harira jelkideen artean fontanero ugari direla gogoratu behar da, Think Atzo, gehienok iturri bat gertutik inoiz ikusi ez badute ere. Zin dagit!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo