GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ana Telletxea Ikertzailea

Dira, dira, zezenak dira...

Ondareak herri bat batzen du. Gizarteari bere izaeraz, bere baloreez transmititzen dio, nortasuna ematen dio eta munduan lekutzen. Zeinek erabakitzen du zer den ondare? Dena da ondare? Gurean garbi dago ez dugula etorkizun onik, aitortza horiek zeinen esku dauden ikusita

Zezenketak babestu ditu Nafarroako Parlamentuak. «Kultur ondare» izendatu ditu. Inolaz ere arriskuan ez den tradizio bat babestu da honela. Betizua edo casta navarra arrazak salbatzeko asmotan egina balitz, zentzurik ikusiko genioke akaso izendapen berriari, baina ez da hala. Tradizioa zaindu nahi du bere horretan, bertako arrazen biziraupena bost!

Zezen ikuskizunak, bere aldaera guztietan, aski bermatuak daude Nafarroan. Herri askotan festetako protagonista zezenak, bigantxak eta migattuak dira. Dirualdi handiak gordetzen dituzte urtero ekitaldi horietarako eta zaila da honelako hitzordu bat egitarautik kentzea, ez bada istripuren bat edo beste gertatu delako. Katalunian sortu den eztabaida ez da gurean sortu (oraingoz) eta, beldurrez-edo, badaezpada aurrea hartu nahi izan dute hemen, «komenigarria eta aproposa baita».

Iruñeari dagokiola, propaganda egiteko balio die ekimenaren egileei. Sanferminek orain aitortza ofizial hau izanen dute beren duintasun maila goresteko aitzakia. Aurten publizitatea gogotik eginen dute adierazpen berri honen kontura. Iruñeak, berez, bestelako kultura ezaugarri batzuengatik izan behar luke ezagun, eta ez urtean aste bakar batez egiten diren entzierro eta zezenketengatik. Negozioa. Eta interesa. Ekitaldi horien goresteak besteen baliogabetzea dakar oharkabean.

Iruñearen ondarea (kasu honetan materiadunaz ari gara) zaindu baino, suntsitu egin dute azken urteetan bertako agintariek; Gaztelu plaza garbitu, galtzada-harriak erauzi, hainbat aparkalekuren izenean harresiak eta murruak suntsitu... eta bestetik, gisa honetako izendapenak egiten dituzte. Ez da bidegabea?

Eta hona gakoa. Ondarea (bere modu guztietan) zaindu, babestu eta biziaraziko duen tresnarik ez dugu hemen. Besteren menean bizi behar izateak hori du emaitza. Ondareak herri bat batzen du. Gizarteari bere izaeraz, bere baloreez transmititzen dio, nortasuna ematen dio eta munduan lekutzen. Zeinek erabakitzen du zer den ondare? Dena da ondare? Gurean garbi dago ez dugula etorkizun onik, aitortza horiek zeinen esku dauden ikusita. Unescok hainbatetan egin ditu gomendio eta adierazpenak, baina Nafarroako Gobernua, nonbait, arau horietatik aske da, eta inon ikusi ez diren sarraskiak egiteko eskubidea du per se.

Berez, gizarte batek erabaki behar luke zer den ondarea eta zer ez. Baina horretarako gutxieneko egitura demokratikoa behar da, horrek heziketa ahalbidetuko bailuke eta ondotik gizartearen eztabaida ekarriko (Astibia, H. Mtz. Garate, L. 2001).

Gainera, ohar gaitezen Nafarroan ondare-aitortzak zuzenki lotuak direla turismoarekin, alegia, interes garbia dago sakonean. Propaganda itzelezko berreraikitze saioak ugari izan dira han eta hemen, beti ere diru-iturri bihurtuko diren esperantzaz, eta ez gizartearentzako erreferenteak berreskuratzeko asmoz. Kultura turismo bihurtzen denean, desnaturalizatzeko arriskua du.

Agerian da euskal herriaren elementuak esku arrotzek hartu dituztela, deskontestualizatu eta isolatu dituzte, horrela historiaren une eta datu asko (eta nortasun ikurrak, noski) pasadizo-bilduma bihurtzea lortzen dute. Bitxikeriak. Legendak. Espainiak ongi aski hartzen du edozein txikikeria handi bihurtzeko, eta bere nortasunaren azpimarragarri erabiltzeko; Espainiako materiagabeko kultur ondarearen 10 altxorretako bat Teruelgo maitaleen legenda da. Eta Argentinan, tangoa izendatu dute berriki gizateriaren ondare. Gurean ez ote dugu, bada, halakorik edo bestelakorik? Egiazko babesa eta zaintza behar duten kultura elementuak ugari dira hemen; izendapen batek zuzenean ematen duen aitortza publiko eta instituzional bat ongi aski mereziko luke, adibidez, euskarak.

Aski uztartua dugu balio ezaren sentimendua, eta horrela gizarteak ez ditu berezkoak dituen eta gizatalde bat osatzen duten elementuak aitortzen. Gure musika-tresnak, dantzak, folklorea, ohiturak, hizkuntza, lan-moldeak, legeak, eraikinak... horiek denak eta gehiago aitortu litezke ondare, eta ez naiz bakarrik izendapen ofizialez ari. Ondarea artxibo handi bat da, erreferentzia historikoen oinarrizko biltegia. Gure biltegia, baina, ez da duina nonbait.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo