DEIA | Josu Torre 2010/3/18
Tolerantzia
Jasankortasun edo pairakortasuna azaltzen dira, besteak beste, lerroburuko berbaren sinonimo bezala. Gero eta ohitura gehiago dut hiztegietara joteko, esangura soiletik haratago informazio asko eskaintzen dutelako. Hala behar zuen tolerantziaren kasuan ere, ia beti norabide berean edo berdintsuan erabiltzen delako, goitik behera alegia. Tolerantzia asko edo gutxi dugu ijito, beltz, mairu, etorkin edo txiroengan. Ez dut hitz hori imaginatzen Obama, Rodriguez Zapatero, Sarkozi edo agintea duen inorengan erabiltzea. Heurek izen daitezke toleranteak gurekin, ez alderantziz.
Tolerantzia erabili dute berriro ere Nagore Laffage gaztea hil zuen Diego Yllanez mediku iruñarrarekin, hilketa soila (homicidio) kontsideratuz, erailketa (asesinato) onartu beharrean. Ondorioa berbera da, gazte alai baten bizia uztatzea, baina alde ederra azioa egin duenak jasatzen duen zigorra bata edo besteagaitik. (...) Hilketa hura gogoratzen duen edozeink daki odol beroan eta intentzio gabe egindako zerbait ez zela izan.
Agintariak bai baina juezak dira hainbatean tolerantzia kontzeptua erabiltzen dutenak. Kale borrokan Andoaingo kutxazain automatiko bat apurtzen badute sei edo 12 urteko kartzelaz zigortu ahal dute gazte bat, Caceresko cajero automatico bat izanez gero sei hilabetez edo diru isun batez. Kasu bietan inolako aurrekari penalik eduki ezik. Exagerazioa dirudi, baina izandako kasu bakar batzuei lotuz ematen dut iruzkina. Cacerestarrak ez andoaindarrak ez dute, edonola ere, epaile hortaz tolerantziarik izateko biderik, haien erabakia tinkoa da.
Horregaitik esaten dut arestian pairakortasun hori goikoei dagokiela -edo dagokigula (beti dago norbait gu baino beherago)- eta horren adiera nabarmena Real Academia Españolako hiztegian datorrena: "Tolerancia: Condición que permite a un organismo con parásitos convivir con ellos sin sufrir grandes daños" (sic).