GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

BERRIA | Xabier Lekuona 2010/3/19

Maite zaitugu

Goiz eta arratsalde -baita ilunabar ere-, astean zazpi egunez. Lanerako beti pronto. Denak ez, baina horrela dabiltza alkate asko, kolore askotakoak. Horrela dabil Hernaniko alkatea, Marian Beitialarrangoitia. Beste asko ez bezala, lanean eta egurra jasotzen. Baina lanean.

Aukerarik txikiena emanda -eta eman gabe ere-, jopuntuan jarri dute. Arriskuan, behin eta berriro. Plaza baten izena dela, edo maitasuna adierazteagatik. Bertakoek eta kanpokoek. Ezpata lepogainean. Eta, seguru, tenplea eta ideiak garbi izan arren, sufritu egin duela, azaleratu gabe, bi urteko kalbario txikia pasarazi diotela. Legegintzaldi erdia.

Baina gustuko tokian aldaparik ez dagoen bezala, ondo egindakoaren sentimenduak indar berezia ematen du. Hala ikusi dut alkatea. Erantzukinez. Zurrunbiloan, buru-belarri, erronka berriei eutsiz. Ilusioz eta kemenez. Txanpa berezian.

«Maite zaituztegu», zioen Beitialarrangoitiak, maite dituelako. Maitatua sentitzen da. Eta horrek ez du preziorik. Maite dute barrukoek, eta maite dute kanpoko askok. Maite dugu. Txalo zaparrada merezi du. Egindakoagatik eta egiten ari denagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo