Elorrioko Fytasa enpresako langileek greba mugagabea hasi dute kaleratzeen aurka
Amaia ZURUTUZA | ELORRIO
21 lagun kaleratu nahi ditu enpresak, baita gainerako langileen soldata %15 murriztu eta lanaldia handitu ere. LABen arabera, Fytasa enpresaren egoera larria azken urteetako gestio txarraren ondorio da.
Elorrioko Fytasa enpresako 120 langile inguruk greba mugagabeari ekin zioten joan den martxoaren 24an, besteak beste, zuzendaritzak iragarri dituen 21 kaleratzeen aurka. Durangaldeko LAB sindikatuko Metal Saileko arduradun Marieli Urriolabeitiak egunkari honi azaldu dionez, enpresako arduradunen azken urteetako gestio «oso txarraren» ondorioz bizi du egoera larria enpresak.
Hala, joan den urteko irailean lehiaketa-prozedura abian jarri zen eta hiru administrari ezarri zituzten. Orain, enpresak 21 lagun kaleratu nahi ditu, baita langileen lan baldintzak okertu ere. Urriolabeitiak gogoratu duenez gainera, jada, 2008ko abenduaz geroztik, enplegua erregulatzeko txostena ere «sufritzen» dute langileek.
21 lagun kaleratzea ez dutela inondik nora onartzen adierazi du LABeko kideak. Besteak beste, enpresaren egoera txarra gainditzeko langileak kaleratzea ez delako irtenbidea. Izan ere, Urriolabeitiak azaldu duenez, «gestio on bat egitea, inbertsio plan bat, berregituratze plan bat, bezero-zorroa, hori da irtenbidea eta hori falta da».
Era berean, ez dutela «kaleratze traumatikorik» onartzen nabarmendu zuen. Bestetik, lan baldintzei dagokienez, besteak beste, langileen soldata %15 murriztu nahi du enpresak, lanaldia handitu, baita soldata-eskala ezarri ere. Zentzu horretan, lan baldintzak murriztea onartezina dela esan du Urriolabeitiak. LABeko kidearen hitzetan, enpresak negoziaziorako oso gaitasun gutxi du eta, hori dela eta, sindikatuak administratzaileekin ari dira hizketan. Aitzitik, horiek ere akordio bat lortzeko gaitasun urria dutela eta enpresaren interesen alde ari direla salatu du.
Epaitegian
Joan den martxoaren 24an ekin zioten langileek greba mugagabeari. Izan ere, enpresak, batzordearekin ezer adostu gabe, epaitegian aurkeztu du 21 lagun kaleratzeko eskaria, langileen izen eta abizenak emanda. Jarrera hori ikusita, batzordeak greba deialdia egin zuen eta langileek bat egin eta borrokari ekin zioten.
Joan den asteazkenean bildu ziren azkenekoz sindikatuetako eta enpresako ordezkariak. Akordioa urruti dago Urriolabeitiak azaldu duenez, aurrera egin beharrean atzera egin baitzuten azken biluran. Izan ere, nolabaiteko aurre akordioa ekar lezakeen azken proposamenean atzera egin du enpresak.
Ezer sinatu aurretik kaleratuak izango diren langileen zerrenda bat eskatu zien enpresak sindikatuei. «Guk esan genien ez genuela zerrendarik emango», azaldu du Urriolabeitiak. Izan ere, inor kaleratzekotan, langilearen borondatez izan behar dela defendatzen dute, ez behartuta.
Datozen egun eta asteetan mobilizazioak antolatuko dituztela jakinarazi du Urriolabeitiak. Duela aste batzuk Donostian izan ziren langileak enpresaren jabearen etxe parean protesta egiten. Hala, enpresariari nahiz gaur egun enpresaren egoeraren ardura dutenei irtenbideak exijitzeko ekimenak egingo dituzte.