GARA > Idatzia > Kultura

Anton Abbadia: 200 urte, abentura, euskal kultura eta zientzia uztartuz

200 urte joan dira Anton Abbadia jaio zenetik. Urteurren hori ospatzeko, Hendaiako hiriak Abbadiaren kolorez jantzi ditu aurten urtero ospatzen diren ekimenak. Esploratzaile, zientzia gizon eta euskal kulturaren defendatzaile izan zena hobeki ezagutzeko Hendaiako Abbadia gaztelura hurbiltzea da onena.

p48_f01_250x96.jpg

Idoia ERASO

Abbadia gaztelu-behatokian atzematen da Anton Abbadiaren izaera hobekien; zientzia eta fede gizona zenaren alderdi anitzak ikusten dira bertan. Jaio zeneko bigarren mendeurrena (1810-2010) ospatzen den momentu honek tokia eta gizona hobeki ezagutzeko aitzakia ezin hobea eskaintzen digu». Hala mintzatu zen Abbadia gazteluko eta bertako Zientzia Akademiako administratzaile Céline Davadan. Gazteluan bisita gidatuak eskaintzen dituen Serge Lonca iritzi honekin guztiz ados agertu zen: «Antonen testamendua bere gaztelua da, hemen atzematen ditugu bere lekukotasunak, utzitako oparia da».

Gizona hobeki ezagutzeko parada eskaintzen du Hendaiako jauregi neogotikoak. Gaur egun gaztelua Zientzia Akademiarena da, Antonek zendu baino lehen sortu zuen fundazioak hala erabaki baitzuen. Abbadiak euskara eta euskal kulturarekiko berebiziko interesa zuela jakina den arren, irlandar kulturarekin zuen lotura ez da hain ezaguna; izan ere, ama bertakoa zuen eta Anton bera Dublinen jaioa zen. Sustrai irlandarrak gazteluak hartzen duen forman ikus daitezke besteren artean. Izan ere, gazteluak hirusta forma du; hiru eremutan egituratua dago. Aldi berean sarreran ongietorria ematen duen hirustarekin batera gaelikoz idatzitako ongietorria irakur daiteke: «Ehun mila aldiz ongi etorri». Esaldi hori Irlandako baserri zein pubetako ateetan idatzia izan ohi da.

Sarreran bezala, gazteluan zehar hizkuntza ezberdinetan idatzitako atsotitzak agertzen dira. Abbadiak berak aukeratu esaldi horien bitartez bere izaera hobeki ezagutzeko parada du bisitariak. Gazteluaren beraren egiturarekin bat egiten duen esaldia atzeman daiteke pasabideetan: «Nire fedea eta nire zuzenbidea». Esaldi horren esanahia gazteluan eta Antonen baitan nola kokatzen den azaltzen du gidariak: «Eremu handi bat erosi zuen eta zuhaitzen artean gaztelua eraiki zuen, Erdi Aroa oroitarazten duen estilo neogotikoan. Zaldunen garaia ekartzen du gogora eta horrekin batera garaiko baloreak ere ekartzen ditu gogora, erlijioa eta legeak errespetatzea».

Zientzia eta kultura

Fede handiko gizona izan zen, etxean dagoen kapera handiak erakusten duen legez. Bestalde, 26 urte bete arte zuzenbide ikasketak egin zituen, nahiz eta batxilergoa filosofian egina izan. «Nortasun handia eta anitza izan zuen», nabarmendu zuen Serge Loncak.

Ikasketak bukatutakoan bidaiari abiatu zen. Lehen espedizioa Brasilera egin bazuen ere, Etiopiak maitemindu zuen Abbadia. Hamaika urtez egon zen Afrikako herrialdean eta 300.000 km2 kartografiatu zituen. Nilo ibaiaren iturburua atzeman zuela ere uste izan zen hasiera batean eta horregatik Ohorezko Legioko zaldun izendatu zuten.

Bestalde, Abbadiak utzitako arte eta zientzia arloko ondasun ugari dira jauregian. «Barne apainketan ikusten da bere gustua. Edertasun mailan, burges handia baitzen, garaiko bizitzeko artea errespetatzen zuen», nabarmendu zuen Loncak. Horrez gain, Abbadia bidaiari handia izan zela frogatzen duten arrastoak ere badira nonahi, munduan zehar egin zituen bidaietatik ekarri objektuak eta oroigarriak.

Urrunera joan gabe euskal kultura eta hizkuntzarekiko karra ere sentitu zuen. Lore Jokoak literatura lehiaketak 1951. urtetik zendu zen arte antolatu zituen. Urruñan hasi ziren, baina gero Euskal Herri osora zabaldu ziren. Bizirik zen bitartean Arabara iristea lortu ez bazuen ere, Anton hil ondoren Birginia bere emazteak Aramaion antolatu zituen zazpi lurraldeak Lore Jokoetara bilduz.

Agosti Xahorekin batera euskal gramatika bat ere atera zuen eta beste lan asko ere argitaratu zituen euskararen inguruan. Euskaldunei buruzko irudi mitikoa zuen Abbadiak eta hortik abiatuta sortu zuen «Zazpi Uskal herriak bat» edo «Zazpiak Bat» esamoldea.

Mitologiarekiko zaletasunak ez zion zientzia alorra garatzea eragotzi. «Argien mendeko oinordekoa, ikusmira luzeko gizona izan zen garaiko teknologiak pobreak izan arren. Mendeak zeharkatuz mugarik gabeko jakituna izan zen abenturazale eklektikoa eta humanista», azaldu zuen Celine Davadanek. Zientziekiko eta jakitatearekiko izan zuen interesa nabarmen agertzen da irudikatua. Izan ere, hirusta formako jauregiaren «hostoetako» bat zientzia jorratzeko lantokia da. Izarrei so egiteko behatokia eta liburutegia daude bertan.

Astronomia Abbadiaren zaletasun handietako bat izan zen eta jauregiaren zati handi bat hartzen duen behatoki astronomikoa da horren adierazle. Milaka izarren kartografia egin zuen Abbadiak, baina bereziki Zientzia Akademiari utzitako behatokitik Anton zendu eta hurrengo 50 urteetan milioi erdi izarren katalogoa egitea lortu zen. «Zeruaren mapa osoa egin nahi zuen munduko beste astrronomoekin datuak trukatuz», azaldu zuen Loncak Abbadiaren espiritua.

Begirada artistikoa

Gizon eta pertsonaia eklektiko honengana hurbiltzeko erarik onena begirada artistikoaren bitartez egitea dela deliberatu dute Hendaian. Nahiz eta ez den era bakarra izan. Gaur bukatzen den Euskararen Hilabetean gaztelua erakusteko euskarazko bisita gidatuak egin dira, arrakasta handia bildu dutenak. Baina 2010ak oraindik anitz badu emateko eta beste ekimenak ari dira hazten Abbadia gazteluko korridoreetan.

Apirilaren hastapenetik 23ra bitarte, Abbadiaren bizitza, lana eta utzi dituen oroigarriei buruzko begirada artistikoa eskaintzen duen erakusketa izanen da ikusgai Hendaiako merkatuan. Hendaian ondare miragarria utzi zuen gizonarengana hurbiltzeko arte adierazpide anitzak erabiliko dira. Eskultura, pintura, argazki eta bestelako euskarri plastikoek izanen dute tokia. Irekiera ofiziala apirilaren 1ean eginen da.

Euskarriak bezala, parte hartuko duten pertsonak eremu askotatik helduko dira. Horrela, profesionalekin batera elkarte artistikoen lanak ere izango dira. Marin ospitaleko haurtzaindegiko umeek Abbadiaren ikuspegi xaloari heltzeko modua hurbilduko diote ikusleari.

Zenbait egun berezi ere antolatu dituzte, esaterako, apirilaren 10ean gaualdi bat izanen da jauregian. Abbadiak berak bizitzan zehar egin zuen bezala, gaualdi honek artea eta zientzia elkartuko ditu. Irandatz ikastetxeko astronomia tailerreko ikasleen harrerari Baionako kontserbatorioko biolin eta txelo doinuek emango diote jarraipena. Arnold Schönbergen «La nuit Transfigurée» joko dute.

Gauaz gozatzera hurbildutakoek eguzki-sistemari buruzko datu nagusiak biltzen dituen «bitxilorea» izanen dute oparitan. Gaualdiari eguzkiaren behaketa eginez emanen zaio amaiera.

IX. Begirada Artistikoei Abbadia jauregian emanen zaie agurra. Apirilaren 22an izanen da eta ile-apainketa artistikoen desfile batekin bukatuko da. Artea eta orrazkera uztartzeko Christophe Pavia eta Nathalie Charrier arituko dira lanean.

Kronologia

1810eko urtarrilaren 3a

Anton Abbadia Urrustoi (frantsesez, Antoine Thompson d'Abbadie d'Arrast) geografo, astronomo eta euskal kulturaren sustatzailea Dublinen jaio zen. Zuberoako nobleziakoa zuen aita; ama, aldiz, irlandarra.

1836

Lehen espedizioa egin zuen, Brasilera. 1838an Etiopiara abiatu zen.

1850

Ohorezko Legioko zaldun eta Zientzia Akademiako kide oso izendatu zuten.

1864

Etiopiatik itzuli zenean 36 baserri hartzen zituen 350 hektareako lur saila erosi zuen Hendaia eta Donibane Lohizune artean.

1871-1875

Hendaiako auzapeza izan zen.

1879

Abbadia gazteluaren eraikuntza bukatu zuten.

1897ko martxoaren 19a

Parisen zendu zen, zientzien munduan oso ezaguna zelarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo