GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zentristak soilik Akitanian lehiatuko dira PS eta UMPrekin bigarren itzulian

Europe Ecologieko eta FGko hautagaiak PSren zerrendan sartu ostean, ziurtzat jo daiteke Alain Rousseten (PS) hautagaitza izango dela garaile gaurko itzulian. Bi aurkari izango ditu aurrez aurre: UMPko Xavier Darcos ministroa eta MoDemeko Jean Lassalle diputatua.

p017_148x108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Eskualde-hauteskundeetako gaurko bigarren itzuliak badu berezitasunik Akitaniari eta, hortaz, bertako Pirinio Atlantikoen departamendu barruan dagoen Ipar Euskal Herriari dagokionez. Izan ere, Estatu osoan soilik Akitanian izango da PSko, UMPko eta MoDemeko zerrendak bozkatzeko aukera.

Iragan igandean, Jean Lassallek gidatzen duen Forces Aquitainek (MoDem) derrigorrezkoa den bozen %10 gainditzea lortu zuen. Gainerako 21 eskualdeetan zentristek porrot egin zuten, batez beste botoen %4 inguruan ibili baitziren.

2004ko bozetan ez bezala, ordea, oraingoan ez dute eskuinarekin (UMP, PR, NC) bat egin eta hautagaitza propioa mantentzea deliberatu dute. Erabaki hori ez da UMPren gustukoa izan. Max Brisson kontseilari nagusia «erresuminduta» agertu da MoDemekoek ez diotelako baiezkoa eman elkarrekin aurkezteko gomitari. «Zergatik ez da posible gaur aliantza egitea eta bai, ordea, hurrengo hauteskundeetan (2011)?», adierazi dio egun Paueko Kontseilu Nagusian gobernuan kide duen alderdiari.

AHTren eragina

Eskuinaren arrangura ulergarria da; soilik lehen itzulian abstenitu ziren bere ohiko bozeramaileen botoak eta, agian, FNtik eratorri daitezkeenak metatzeko aukera baitu.

Gainera, zentristak dira AHTren Lapurdiko burdinsarearen aurka dauden bakarrak gaurko bozketan eta, kanpainan bezala, gai honek eragina izango du emaitzetan, batez ere, Europe Ecologieko hautagaiek azkenean proiektuaren sustatzaile Alain Rousseten (PS) zerrendan sartzea erabaki dutelako, FGkoek bezala.

Bina hautagai izango dituzte biek hautatuak izan daitezkeen postuetan. Nabarmentzekoa da emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna dela-eta, orain artean Ipar Euskal Herriko kontseilari berde bakarra -Jean Lissar- ez dela hautagai izango.

Dena dela, argi da Rousseten zerrenda izango dela irabazle gaurko itzulian ere. Inkesten arabera, bozen %59 eskuratuko ditu. Xavier Darcosek (UMP) berriz, %29 eta Lassalleren alderdiak (Modem) %12. Bigarren itzulian aurkeztu ez diren alderdietatik, PCk eta EAk egin dute dei, biek PS bozkatzera. NPAk, FNk, EHBaik eta PNBk ez dute inoren alde bozkatzeko eskatu.

AHTren aurkako CADE kolektiboak, berriz, lehen itzulian esandakoari eutsi dio eta ez du bereziki alderdirik aipatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo