Sarkozyren aldekoak zatikatuta direla, ezkerra abantailari eutsi nahian
Ustekabe handirik jazo ezean, ezkerreko alderdiek nagusitasuna argiki lortuko dute gaur Estatu frantseseko eskualdeetako hauteskundeen bigarren itzulian. Inkestek huts egiten ez badute, bozaldien ostean kinka larrian izango da Nicolas Sarkozy presidentearen UMP alderdia.
GARA |
Estatu frantseseko biztanleek hitzordua dute gaur hautestontzietan, eskualdeetako hauteskundeen bigarren itzulian. Atzo bertan argitaratutako azken inkesten arabera, sozialdemokraten, ekologisten eta komunisten baturak, Sarkozyk aurreko igandean jasotako zigorra berretsi eta areagotuko du: ezkerrak garaipen zabala eskura lezake 22 eskualde metropolitarretan.
Iragan igandean burutu zen lehen itzulian, garaile argia abstentzioa izan zen, %53,6ra iritsi zena. Alderdi Sozialistak (PS, bozen %29,5), ordea, aurrea hartu zion Nicolas Sarkozy presidentearen UMPi (%26,3). Asteartean sinatutako hitzarmenari esker, ekologisten (%12,5) eta komunisten (%6,1) laguntza izango dute sozialdemokratek.
Akordioa publiko egin ostean, hiru alderdietako buruek, Martin Aubry (PS), Cecile Duflot (Berdeak) eta Marie-George Buffetek (PCF, komunistak), hautesleei dei egin zieten, ezkerraren «garaipen handi bat» lortzeko. Bretainian izan ezik, beste eskualde guztietan batera aurkeztuko dira hiru alderdiak.
«Sarkozysmoa krisian»
Ezkerrarentzat aurreikuspenak positiboak diren neurri berean dira negatiboak presidentearen alderdiarentzat.
Lehen itzuliko emaitzak ezagutu ondoren, bere alderdikideak ere harritu zituen Sarkozyk hautesleek bere politikari erantzunez ezarritako «zigorrezko botoa» ukatu eta Francois Fillon lehen ministroarekin batera gaurko hitzorduari begira baikor agertu zenean.
«Errealitatearen ukapena», «itsumena», «presidentetzaren estrabismoa»; kritika zorrotzenak ez zituen indar metaketan buru-belarri zebilen ezkerrarengandik jaso, desilusioak jota dagoen gehiengo batengandik baizik, Sarkozyri «errealitatetik urrun» egotea leporatzen diona.
Asteazken goizean, «azken 30 edo 35 urteetan eskuineko parlamentariek lortutako emaitzarik txarrenak» izan zituen hizpide Francois Baroin UMPko diputatuak.
Ifopek egindako inkestak, gainera, UMPrentzat kaltegarria den beste datu bat eman du ezagutzera azken egunotan: 2007an hautatua izan zenetik, Sarkozyren onespen maila inoiz baino baxuagoa da, %36 koa hain zuzen ere.
Ezkerreko alderdien akordioa ezagutzera eman zenean, eskuinak gogor jo zuen haien kontra eta «nahasmenaren sinonimoa batasuna» dela aipatu zuen, baina Aubryk, Duflotek eta Buffetek igorritako oharrak argitzen zuenez, «ezkerreko proiektu bat da, Gobernuaren politika bidegabea haustea helburu duena».
2012an egingo dira presidentetzarako hauteskundeak eta, lehen itzuliko emaitzen ostean, Sarkozyren hautagaitza zalantzan jarri dute hedabideek. Izan ere, herritarren artean duten ospeari buruzko inkestetan Francois Fillon lehen ministroa aurretik dago.