Berezkoak
Paxkal Ezkurraren jokoak aukerarik gabe utzi ditu aurkariak
ETXEBERRI - EZKURRA 40
IBARROLA - DUCASSOU 30
Jon LEUNDA
Faboritoek ez dute barkatzen. Etxeberri eta Ezkurra lehiaketa hau irabazteko hautagaien artean daude, eta jokatutako lehen neurketan ez zuten hutsik egin.
Beste aldean, berriz, Ibarrola eta Ducassou ia aukerarik gabe geratu dira. Izan ere, bost bikote ari diren lehiaketa honetan, lehenengoak lortzen du finalean sartzeko txartela, eta bigarrenak eta hirugarrenak, berriz, finalerdiak jokatzen dituzte. Ibarrolak eta Ducassouk jokatutako biak galdu egin dituzte, eta finalerdietan izateko ere oso aukera gutxi dituzte.
Partida oso orekatua izan zen bederatzigarren kintzera arte, berdinketa ugarirekin, baina apurka-apurka Ezkurra agintzen hasi zen, eta berak markatu zituen neurketa honetako ezberdintasunak. Atzean Ducassou erabat menderatu zuen, eta aurrean Ibarrola saiatu bazen ere, ezinean ibili zen. Herve Etxeberri, berriz, oso eroso aritu zen.
Garaileek alderik handiena hamabi kintzekoa izan zuten, 31-19, baina nahikoa izan zuten horri eustea, amaieran garaipen erosoa eta lehiaketako lehen puntua batzeko. Emandako itxura ere garrantzitsua izaten da, eta bikote lapurtarrak itxura bikaina eman zuen.
Gaur, Baigorrin jokatuko da partida 17.00etatik aurrera. Bertan Waltari eta Etxeto Bielleren eta Harizmendiren aurka neurtuko dira. Partida garrantzitsua izango da bientzat, izan ere, lehen jardunaldian irabazi egin zuten eta gaur ere gauza bera egiten duenak finalerdietan izateko behintzat aukera asko izango ditu. Dirua nabarmen aterako da Waltariren eta Etxetoren alde, beraiek baitira faborito nagusiak.