GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETAKO FINALA

Txapela dotoreen baserritarrek janzten dutela erakutsi zuen Sotok

Guztiz elegante egoteko txapela bakarrik falta zuela kantatu zuen hasieran eta, saio bikainaren ostean, dotore itzuli zen etxera, txapela buruan zuela, noski. Julio Soto gaztea nagusitu zen atzo Lesakan jokatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketako 39. finalean. Gorritiarrak 555,5 puntu pilatu zituen, bigarren sailkatu zen Arkaitz Goikoetxeak baino 23,5 gehiago (531,5) eta, beraz, ez zen buruz buruko berdinketarik hautsi beharrik izan. Txapela buruan, agurra ere dotore: «Bertsolaritza eguneroko jaki izan duenari, euskal baserritarrari».

p008_f04_97x88.jpg

Ane ARRUTI |

«Zapatak garbi dakarzkit ze brillua ta ze suela/ bale aitortzen dut galtzak lehengo urtekoak direla/ kantzontziloak Kalvin Clein ze klasea ze nibela/ Cortefieleko atorra ez esan polita ez dela/(...)/ esan beharrik ez dago elegante natorrela/ gauza bakarra falta zait buru gainean txapela». Lehenengo agurretik azaldu zen garbi Julio Soto, 22 urteko gorritiarra. Iazko txapeldunordeak ez zuen buruz burukoaren beharrik izan txapela janzteko. 555,5 punturekin bera izan zen nagusi lehia giroak baino festa eta parranda giroak hartutako Lesakako pilotalekuan. Ariketa guztietan berak pilatu zituen punturik gehien eta, txapela jantzi ostean ere, eskaintza dotorea egin zuen: «Garapenaren aroan sarri mespretxatu izan denari/ euskal kultura benetan zer den erakutsi didanari/ bertsolaritza eguneroko jaki izan duenari/ euskal baserritarrari».

Sarrerak bukatuta, 1.100 bertsozale inguruk -trikiti, pandero eta garagardoz beteriko hozkailuak eskuan- jarraitu ahal izan zuten bertatik bertara Nafarroako bertsolaritza ematen ari den uzta. «Bildu», horixe izan da aurtengo txapelketaren leloa eta, inurrien modura, urteetan egindako lana agerian gelditzen ari da. Aurkezpen lanak egin zituen Fernando Anbustegik esan bezala, «etengabeko udaberria bizi du Nafarroako bertsolaritzak. Iaz bezala, txiki gelditu zaigu lekua eta ez da kasualitatea».

Puntuei begiratuta alde handi samarrak ageri badira ere, atzoko saioak izan zituen zortzi protagonistek -Julio Soto, Arkaitz Goikoetxea, Estitxu Arozena, Xabier Legarreta, Oskar Estanga, Eneko Lazkoz, Xabier Terreros eta Julen Zelaieta-, denek utzi zituzten gogoratzeko moduko ale ederrak.

Binaka, zortziko handian hasi zuten saio puntuagarria. Nahikoa gai irekiak, bertsolarien paperak gehiegi zehaztu gabe jarri zizkien Alaitz Rekondok. Xabier Legarreta eta Eneko Lazkoz izan ziren kantatzen lehenak. «Gurasoak zarete, zuen hamalau urteko semea lehendabiziko aldiz iritsi da etxera mozkortuta» izan zen gaia. «Baina gaurkoak ez du merezi gure haserrealdia/ egunen baten izan behar zen lehendabiziko aldia», esan zion Lazkozek. «Sakana aldea giro oneko lurraldea da benetan/ ez mozkortzea zailagoa da Etxarri alde honetan», Legarretak.

Arozena eta Estanga, adineko bikotea, bakarrik gelditzearen beldurraz aritu ziren. «Nere bihotza desio dut nik zurea baino gehiago», esan zion lesakarrak. «Ez dizut inoiz hau esan baina esangot era ausartan/hiltzen bazara erriztak ere bota behar ditut faltan», Estangaren erantzuna.

Goikoetxeak eta Zelaietak egindako saioak gradu pare bat berotu zuen pilotalekuko giroa. «Koadrilakoak zarete. Azken lau urteetako plan bera duzue datorren astebururako» gaiari Goikoetxeak emandako birak jendearen barre algarak eragin zituen berehala. «Biko koadrila dugu gurea egin behar dut aitortu/ guri hurbildu behar zaigunik oraindik ez baita sortu/ irudimenik ez duenari ezin baitzaio agortu/ bakar-bakarrik irtengo gara eta bakarrik mozkortu», kantatu zuen. «Guztiei argi utzi beharko ez garela bikotea», Zelaietak.

Sotok eta Terrerosek, berriz, atariko eskalearen gainean eztabaidatu zuten. «Alokairua ordain dezala bertze guztiek bezala», Terreros, ezkor. «Ordea nola ordainduko du dirurik ez baldin badu», Soto, sentibera.

Ohi den moduan, zortziko txikiko saioan umorea izan nagusi. Legarretak eta Estangak, apaiz zaharra eta gaztea, hurrenez hurren, seigarren manamendua betetzeko arazoak izan zituzten. «San Josen pentsatzen dut askotan eta maiz/ Ama Birjina etorri ta okerro jartzen naiz», aitortu zion Estangak. «Apaiz gaizto asko da munduan barrena/ zergatik hausten dute denek seigarrena?», izan zen zaharraren galdera.

Soto eta Zelaieta hegazkinean sartu ziren ondoren. «Despegatzerakoan, zuk, Julen, Juliori estu-estu heldu dizkiozu izterra eta eskua». «Oinak ere hartuko nizkizuke edo/ beso luzeagoak eduki ezkero», beratarrak. «Lasai-lasai txikito, hartzazu arnasa/ etzaidazu eskua izterretan pasa/ zeren eta bestela hara ba jolasa/despegatuko zaizu parakaidasa», erantzuna.

Puntu erantzunean nahikoa ongi aritu ziren zortziak. Azpimarratzekoa, Sotoren eta Zelaietaren bizkortasuna. Seiko motzean, berriz, Legarretak eta Arozenak ale ederrak utzi zituzten. Lehenengoa, itsua. Bigarrena, txakurrarekin Gizarte Segurantzako bulegora sartzen uzten ez dion zaindaria. «Hau behar dut ikusteko/ ez duzu ezetz usteko/ esan didazu nere begiak kanpoan uzteko», hasi zen aranoarra. «Errua ez dut nik legedia baldin bada itsu», lesakarrak.

Gay-etatik EH tropikaleraino

Kuriosoa suertatu zen kartzelako lanean zortzitik lauk paper beretik jo izana. «Zalantzak izan dituzun arren, erabaki bat hartu duzu jada. Amak ez onartzeak sortzen dizu kezka gehien», izan zen hiru bertso osatzeko gaia. Legarreta, Lazkoz, Zelaieta eta Sotok euren homosexualitatea aitortu zioten amari.

Sotok, Maialen Lujanbiok Txapelketa Nagusian ezagun egin zuen Mikel Laboaren «Martxa baten lehen notak» doinua aukeratu zuen, Opus Dei-ren ideiak errotuta dituen bere amari kantatzeko. «Bizitza hain da arantzatsua, bizitza hain da krudela/ ustez osoa denean bitan zatitu ohi da kordela/ duela urte batzuk ohartu nintzen ni ezberdina nintzela/ ez nituela gauzak ikusten nere lagunek bezela/ zertan ukatu nere etxean tradizionalak direla/ Opus Dei gure erdi bidea ta epizentrua dela/ horrexegatik nahaspilatzen zait barruraino sabela/ amari nola esango diot homosexuala naizela», esanez hasi zen eta, hirugarrengoan gauzak argi utzi zizkion: «Ta esan diot badakit ama agian ados etzaude/ baina aurrera egin behar dut zurekin edo zu gabe». Legarretak ere, ulertzeko eskaera: «Bihotzez asko maite dut eta aurkeztu nahi dizut Jokin/ beti ondoan eduki zaitut gaur etzaidazu huts egin». Lazkozek, antzera: «Hasieran susto bat hartu arren pasatuko da denbora/ lehenbizikoan ulertze ez badu, hurrengoan izango da». Zelaietak, umoretik: «Nahiz eta bera maiz egoskortu neskatxa bat topatzeko/ bada ordua behingoagatik mutil laguna aurkezteko».

Aukera bitxiena, Estangarena. Brasileraino joan zen: «Perkusiora eta dantzara joan nahi nuke bertara/ Euskal Herrian hortan ez gaude oraindik haien mailara». Eta bukatzeko, «atera nahi dut gizakiaren mugimendu naturala/ handik etorri eta jakizu urtetan eingo dudala/ han ikasia hemen eakutsiz Euskal Herri tropikala».

Arozena bikotekidearekin banandu zen, Goikoetxeak semea ez bataiatzea erabaki zuen eta Terrerosek, berandu ibili ostean, finalerako sarrerarik gabe utzi zuen ama.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo