GARA > Idatzia > Kirolak

Lagun Aro Gipuzkoa Basket

Valentziak Donostian irabazi gabe jarraitzen badu albiste ona izango da

A. G.

Bolada onak eta txarrak apurtzeko egon arren, hor daude. Adibidez, Valentzia Basketek orain arte Donostian beti galdu du eta, bada, bihar eguerdi ostean hala jarraituko balu, oso albiste ona izango litzateke Lagun Aro GBCrentzat.

Izan ere, Conpostelan galdu eta gero, Lasoren taldeak ez dauka hutsegite gehiago egiterik. Astean zehar Pankok, Barbourrek eta Lorbekek arazo fisikoak izanagatik, gipuzkoarrek beren jokorik onena atera behar dute. Egutegi zaila dauka Lagun Arok, baina nonbaitetik garaipenak pilatzen jarraitu behar du.

Albert Mirallesek antzerako iritzia azaldu du. «Etxean zaleen laguntza izango dugu eta horrek salbatzeko garaipenen bila lagundu behar digu».

Pablo Lasok, berriz, De Colo, Martinez eta Perovic «bereziki» zaindu behar dituztela azpimarratu zuen. «Valentzia, talde sendoa izan arren, etxetik kanpo apur bat jaisten dela probestu behar dugu», gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo