GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Andoni Olariaga eta Jon Jimenez Filosofia lizentziadunak

Giza eskubideak, printzipio absolutu

Giza Eskubideak Estatu ahalguztidun eta tiranikoaren aurkako txerto bat dira hasieran. Herriaren altxamendua baimentzen eta derrigortzen dutenak

Egun Giza Eskubideak bihurtu zaizkigu printzipio absolutu. Hau da, dogma. Erdi Aroan Biblia bezala, gaur egun Giza Eskubideak eta Konstituzioak jarri dizkigute lotura bezala. Modernia guztia (1500etik 1900era bitartean) Erdi Aroko dogmetatik askatze bat bezala irakurri ohi izan da. Filosofoek eta historialariek egin dute hori. Eta irakurri dute, era berean, Erdi Aroko dogmetatik askatzea, oro har, dogmarik gabeko egoera batean bizitzea zela. Loturarik gabe, alegia. Baina Moderniaren hastapenetatik bertatik, gizakia ideia baten edo beste baten pean gelditu da: Arrazoimena, Historia, Arraza, Nia, Zientzia, Ilustrazioa... (konturatu denak hizki larriz idatzita doazela). Askatasuna bera ere Jainko, dogma, suertatu zaio gizakiari, Ilustrazioan kasu.

Orain, post-modernitatea bizi dugula diogun garai honetan, gizakia berriro Ideia absolutu batera kateatzeko ahalegina datorkigu filosofo, politikari, historialari, zientzialari... eta «-ari» guztiengandik. Giza Eskubideak dira ideia hori. Zehazkiago bere atzean ezkutatzen den giza duintasuna. Denaren funtsa, denaren arrazoi azkenekoa (edo lehenengoa), diote, Giza Eskubideen deklarazioan aurki dezakegu.

Giza Eskubideen historia labur kontatuko dugu arazo honen sakontasuna agerian jartzeko. Gizakia helburu bezala tratatu behar dela, eta ez bitarteko gisa, Kantek esan digu aspaldi (orain dogma bezala errepikatzen digu askotan Sudupek «Berria»n). Horixe, kontzientzia bakoitzaren balio ukiezinarena (geroago Giza Eskubideen fundamentu izango dena), kontzientzia izateagatik bakarrik dagokigu, printzipioz. «Non datza erabakigarriki nire balioa? Nire existentzia hutsaren, kontzientzia hutsaren balioa?», galdetzen digu Joxe Azurmendik «Azken egunak Gandiagarekin» liburuan. Horixe indibiduoari ez dio gizarteak, historiak, eta abarrek ematen, baizik eta «bera izate hutsagatik, bere zereginik gabe, hain zuzen kontra bai gizartearen eta bai gizadiaren historia faktikoarekiko ere, da `santua'» kontzientzia hori. Erlijioak, Jainkoaren seme-alaba garelako, edo Kantek, moralitatearen iturri garelako, indibiduoa sakratua dela ulertzen dugu. Baina Arrazoimena etorri da hori dena zapuztera. Ustez, eraikitzen ditugunak «diskurtso `ez mitologikoak', laikoak: askatasuna, aberria, justizia, demokrazia...» dira. Baina honen guztiaren baitan, non geratu da indibiduoaren balio gorena? «Gizaki edo pertsonaren duintasunaren ukiezintasun horren inspirazioa erlijiotik hartu da, agerian dago. Deklarazioaren zirriborroak gizon-emakumearen `sanctity' (ukiezintasuna) eta `ultimate value' (balio gorena) terminoez hitz egiten zuen. Azken erredakzioan, santutasuna ezabatu eta (haren baliokidetzat ordea!) `dignity' ipini da, eta azken edo goreneko baliotik orobat `ultimate' kendu egin da...». Gogorarazten da orain kartaren hitzaurrean gizakiaren oinarrizko eskubideetan dugun sinesmenaz hitz egiten dela. Beraz, «giza duintasunaren ukiezina fedea» da, ez «esperientziako datua, enpirikoa, (...), ezta arrazoimenak ezbaigabeki oinarritu ahal duen printzipioa ere. Giza duintasunaren ukiezina fedea eta desira da». Punto.

Zer gertatu da giza duintasun horrekin? Geroxeago, bere oinarria munduko Estatuen biltzar baten deklarazio juridiko batean bildu dela. Hots, lege egin dela. Arrazoizkotasun unibertsal baten ordez, juridikoki bermatu da fede moderno hau. Duintasun horren oinarria orain Nazio Batuetako Estatu sinatzaileak dira. Haiek dira gure duintasunaren azken arrazoi eta fundamentu. Zein Estatu? Hain zuzen Auschwitz bultzatu, Guantanamo sortu, komisarietan torturatu... eta abar egiten duten «izaki» ilun horiek. Baina problema sakonagoa da, «zertan ote datza, inongo Estatuk ez Nazio Batuk eman ahal didan nire duintasuna, balio absolutua? Estatuak berak oso-oso erlatiboak baino ez baitira». Fedean oinarritzen den duintasuna beraz, lehen askatasunean oinarritzen zena, orain estatuaren kartzelan sartu eta bertan oinarrituko da. Gizakia eta bere duintasuna estatuaren pean, atzaparretan, gelditu dira. Lotu digute berriro askatasuna.

Giza Eskubideen funtzioa, Auschwitz ondotik, gehiengoaren edo bere forma hartzen duen Estatuaren arrazoi arriskutsu eta tiraniko hori geldiaraztea izan da. Horregatik ez da gaizki etorriko gogoratzea (denboran apur bat atzera joanda) Iraultza Frantsesaren ondoren 1793ko Giza Eskubide naturalen aitorpeneko 35. artikuluan aitortzen dela espresuki «Quand le gouvernement viole les droits du peuple, l'insurrection est, pour le peuple et pour chaque portion du peuple, le plus sacré des droits et le plus indispensable des devoirs» («Gobernuak herriaren eskubideak zapaltzen baditu, altxamendua herriarentzat eta herriaren edozein zatirentzat eskubiderik santisimoena eta bazterrezinezko obligazioa da»). Giza Eskubideak Estatu ahalguztidun eta tiranikoaren aurkako txerto bat dira hasieran. Herriaren altxamendua baimentzen eta derrigortzen dutenak. Herriaren parte batena, noski: konturatuak ziren frantsesak iraultzak ez dituztela ez Estatuek ez gehiengoek egiten. Baina hori ezabatu, eta orain Estatuak bakarrik du biolentziaren monopolioa eta herriak isil-isilik demokraziara tolestu behar dira.

Haren ondotik, ordea, Estatu oro gehiengoaren indarrean eraiki eta funtsatu da, eta biolentziaren zilegitasuna bere buruari bakarrik aitortu dio. Botere absolutu eta despotikoaren aurkako tresna desegin egin digute. Itxuraldatu. Eta beraz, gehiengoaren izenean egin daitezkeen sarraskiak geldiarazteko sortua izan dena gehiengoaren izenean egingo diren sarraski berriak oinarritzeko eta justifikatzeko tresna bihurtu da (Auschwitz, Gernika, Vietnam, Guantanamo, Irak, GAL, torturak...). Izan ere, kapitalismoan eta egungo liberalismoan absolutua eta unibertsala dena gutizia da, ez giza duintasuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo