GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Gari Mujika Kazetaria

Arduragabekeria nagusi

Beti amorrarazi naute ondorengoei lezioak ematetik bizi diren ahozabalak. Lezioak ekintzekin ematen direla uste baitut, errespetua irabazi egiten den bezalaxe.

Hala, euskal herritarron eskubideen ukazioa kateatu besterik egin ez zuen trantsizio espainolaren ostean jaiotakook makina bat aldiz entzun behar izan dugu kasik eskerrak eman beharko genizkiela aurrekoei. Diktadura batean bizi zirela, eta gazteek ez omen dakite zer den hori. Errua ondorengoei botatzeak, alta, ez die ardurarik kentzen. Gatazka politikoa hiru hamarkadaren ondoren bere horretan mantentzeak arduradun gehiegitxo baititu.

Oso erraza da ikasleek Giza Eskubideen gaineko baloreak barnera ditzaten nahi izatea, eta aldi berean euren kritikarako gaitasuna mugarazi eta herri honek estatuekin bizi duen gatazka politikoari begi bakarrez begiratzen irakastea. Erraza, baina hipokrisia maisu izateaz gain, hutsala bezain arduragabea da.

Euskal herritar aske gisa bizi nahi izatea garesti ordaintzen den honetan, zilegi da norberak nahi duen hautua egitea; baita ahoz euskal herritar direla esan eta ekinez espainol bizitzea ere. Aitzitik, ez dirudi oso zilegi denik bestelako hautua egin eta koherentziaz bizitzea erabakitzen dutenei ardurak eskatzea eta gauza guztien errua botatzea. Eta horixe euskal politikagintzak bizi duena: arduragabekeria, jaun eta jabe.

Are errazagoa, ETAko kideak omen ziren suhiltzaile katalanak bideoz lau haizetara zabaltzea, baina Jon Anzaren desagerpena eta bere hilotzaren mirarizko «agerpena» azaltzeko logikazko froga ñimiñoren bat ere ez erakustea. Errazagoa, errua euren senideei salaketa formatuan botatzea, nahiz eta ardurak non eta nori eskatu behar zaizkion soberan jakin. Oso erraza da kartzelan dituzten politikari abertzaleei politika egitea eskatzea, politika egiteagatik preso dituztela ahaztuta. Errazagoa, eragin politiko zuzena duen eta mende erdia bete duen erakunde bati exijentziak egitea, eta bera sorrarazi zuten erroko arazoak gainditzeko zirkinik ez egitea; berari ekarpen politikoa ukatu eta ekimen politikoari begira gelditzea bezala.

Arduraz jokatzeko garaiotan norbanakook hartu beharko genuke aurrea, politikari profesionalei so egon gabe. Aberri Egunaren itzalpean arduraz eta koherentziaz aritzeko eskaintza egin da: GaztEHerria eta Irun-Hendaia izango dira testigu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo