Langileek beren haserrea agertuko dute gaur Baionako karriketan
Arantxa MANTEROLA
Iaz abiatu protesta dinamikan egun garrantzitsua izanen da gaurkoa, estatuan bezala, Ipar Euskal Herrian ere lanuzteak eta mobilizazioak izanen baitira, enpleguaren, erosteko ahalmenaren eta erretiroaren defentsan.
Pirinio Atlantikoetako departamenduan CFDTk, CGTk, FOk, FSUk, Solidairesek eta UNSAk bat egin dute ekintza sindikalean eta goizeko hamar eta erdietatik goiti Baionako geltoki aitzinean ezarri dute hitzordua aldarrikapen horiek karrikaratzeko.
Funtzio publikoan, batez ere gizarte asegurantza arloan, familia-laguntzetarako kutxan (CAF) eta hezkuntzan grebak eragin handia izanen duela uste dute sindikatuek, milaka lanpostu galtzen ari baitira azken urteotan. Halere, langabeziari eta krisiari aurre egiteko aitzakiarekin gobernua hartzen ari den neurriak direla-eta, esparru pribatua ere mobilizatuko dela ziurtzat jo dute.
LABen deialdia
LAB ere kalean izanen da, ohi bezala, gainerako sindikatuek deialdi bateratutik baztertu duten arren. Aspaldiko mezua berretsi du sindikatu abertzaleak, hots, «gobernuaren neurri eta erreforma antisozialei aurre egiteko, borroken orokortzea, bateratzea eta epe luzerako mobilizazio-dinamika ezinbestekoak» direla.
Batasuna deialdiari atxiki zaio «kapitalak duen krisia botereak guztion arazo bilakatzeko abilezia» duela nabarmenduta. Helburua, «sistema mantentzea» dela uste du indar abertzaleak eta horretarako «neurri liberalak inposatu, diru publikoa interes pribatu jakin batzuen mesedetan jarri eta krisiaren ordainketa langileen bizkar» uzten dutela salatu du.