Herria Abian!-ek batzarrak antolatu ditu, aldaketaren norabidea zehazteko
GARA
Herria Abian! aldaketa sozialaren aldeko plataformak batzarrak egingo ditu Bilbo, Gasteiz, Donostia, Tolosa eta Iruñean bihar hasi eta martxoaren 29ra bitartean. Bilkura horiekin «Aldaketarako abiapuntua» deritzon tresna osatu nahi du Herria Abian!-ek, hain zuzen ere, «beharrezkoa dugun aldaketa sozialaren norabidean batzen gaituzten gutxienekoak zehazteko».
Urtebete pasatxo da Euskal Herrian «aldaketa soziala bultzatzeko xedearekin» Herria Abian! plataforma sortu zela eta hasieratik aldaketa herritarren parte hartzearekin bultzatu behar dela aldarrikatu du. Hala, iazko ekainean, herritar eta talde ugarik parte hartuta, Euskal Herriaren egoera soziekonomikoaren inguruko diagnostikoa adostu zuen plataformak.
Orain «Aldaketarako abiapuntua» tresna zehaztu nahi du. Horretarako, iazko azaroaz geroztik, hainbat herritan batzarrak egin eta kolektibo ezberdinen ekarpenak jaso ostean, zirriborro bat osatu du Herria Abian!-ek eta zirriborro horren inguruko eztabaida bultzatu nahi du, esan bezala, Bilbon, Gasteizen, Donostian, Tolosan eta Iruñean egingo dituen batzarren bidez. Horren ondoren, batzar horietan jasotakoarekin, maiatzaren 15ean Donostian jardunaldi bat egiteko asmoa du.
Lehen batzarra biharko deitu dute, Tolosan, Bonberenea gaztetxean, 19.30ean. Etzi, Gasteizen, Alava Jenerala kaleko Luis de Ajuria aretoan 19.30ean, eta Iruñean, Burlatako kultur etxean 19.00etan. Ostiralean, Bilbon, Alde Zaharreko Burtsaren eraikinean 19.30ean, eta azkenik, datorren astelehenean, Donostian, Anoetako Craj eraikinean 19.00etan.
Herria Abian!-ek herritarrei dei egin die prozesu honetan parte har dezaten, denon artean «apurka gure herriarentzat zein etorkizun nahi dugun definitzeko». Zentzu honetan, Euskal Herriak jasaten duen «subiranotasun gabeziaren» aurrean etorkizuna erabaki ahal izateko tresnak eskatzen ditu plataformak. Era berean, ordea, oinarrizko arazotzat jotzen duen «demokrazia ekonomiko gabeziaren» aurrean, funtsezko irizten dio herritarrek hitza hartzeari.
«Kalera atera behar dugu»
Alde horretatik, «gure eskubideak eta gure herriak behar duen aldaketa soziala aldarrikatzeko kalera ateratzeko unea dela deritzogu», adierazi du. Zentzu honetan, datorren larunbatean, gehiengo sindikalak deituta, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Estatu espainolak iragarri berri dituen lan erreforma eta pentsio erreformen aurka egingo diren mobilizazioetan eta Aberri Egunean parte hartzera deitu ditu herritarrak.