GARA > Idatzia > Kirolak> Bilbao Basket

Nymburken aurkako kanporaketako joaneko partida

Itzuliko demarako dena erabakita utzi nahian

 Iaz Eurocupeko aurreneko fasean erdietsitako garaipena errepikatu nahi dute beltzezko gizonek. Dena den, talde txekiarraren balizko ahultasunaz ez dira batere fio Katsikaris eta bere jokalariak.

p032_f02_141x124.jpg

 
NYMBURK-BIZKAIA BB

A. G.

Gasteizko lauko finala hilabete eskas barru izango da, eta ordurako txartela hartzeko sasoia da. Hala nahi du Bizkaia Bilbao Basketek; denboraldia modu ezin hobean amaitzeko abagune aparta dauka euskal taldeak: Europan ibilera sendoa, ACB Ligan aspaldiko boladarik onena eta Europan azken fasea etxean bertan. Pasatzen ez uzteko moduko aukera dute Katsikarisenek.

Alabaina, ezer baino lehen Nymburk gainditu beharko dute final-laurdenetako kanporaketan. Gaur zortzi Barakaldon jokatuko den itzuliko demaren zain egon gabe, ordurako dena erabakita uzten saiatuko dira bizkaitarrak.

«Itzuliko partidarik ez balego bezala jokatu behar dugu», adierazi zuen atzo Rafa Pueyo Bilbao Basketeko bigarren entrenatzaileak. Katsikarisen laguntzailearen ustez, «jendeak 80 minutuko kanporaketa dela errepikatzen badu ere, oraingo 40 minutuotan ahalik eta gogorren ekin behar dugu, irabaztera, besterik ez balego bezala. Ezin gara gerora begira emaitza txukun bat egiteko asmoz kantxaratu».

Bizkaia Bilbao Basketek eta Nymburkek ongi ezagutzen dute elkar; izan ere, iazko Eurocupeko aurreneko fasean talde berean aritu baitziren. Orduko hartan gauzak nahi bezala atera zitzaizkien bilbotarrei. Hala, 2008ko abenduaren 9ko partidan, Txus Vidorretarenak 79-92 nagusitu ziren. Egun hartan Janis Blumsek 25 puntu saskiratu zituen. Astebete geroago, 93-72 irabazi zuten bizkaitarrek La Casillan. Egun hartan Seibutisek, Salgadok eta Banicek egundoko erakustaldia eskaini zuten.

Hala ere, nahiago dute bizkaitarrek aurkaria ez gutxietsi. Beltzezko gizonen kapitain Javi Salgadoren hitzetan, «ezin dugu burua galdu. Nymburk, honaino, merezita iritsi da eta, beraz, kanporaketa oso gogorra izango dela pentsatu behar dugu. Gainera, beren liga hain eroso menperatzen dutelarik, Eurocup liga prestatzeko astia izan dute eta duten guztia bertan emango dute».

Talde erasokorra

Nymburkek hainbat jokalari aldatu ditu iaztik hona, baina Arthur Lee antolatzailea eta Petr Benda dira oraindik txekiarren erreferentzia nagusiak. Oro har, «erasoan» oinarritzen da haien jokoa, Fotis Katsikarisen hitzetan.

«Beren jokatzeko modua erasoan oinarritzen da; horrek Cajasolekin alderatuz guztiz kontrako aurkaria izango dugula aurrean esan nahi du. Nymburkeko jokalariak ez dira hain ezagunak, baina horrek arriskutsuago bihurtzen ditu. Bada, guztiok are eta kontzentratuago jokatu beharko dugu», ohartarazi zuen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo