GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Agirreren heriotzaren 50. urteurrena

Agirre eredu hartuta, euskal estatu independentea amets

Herritarrok eskatzen ez badugu, inork ez digu behar dugun eta gurea dugun askatasuna ekarriko»; hala ziurtatu zuen atzo Kepa Anabitarte politikari eta sindikalista ohiak. Argi du berak Euskal Herriak independentzia lortuko badu, beharrezko dituela askatasuna, demokrazia, autodeterminazioa eta abertzaleen arteko estrategia bateratua.

p016_f018837.jpg

Janire ARRONDO

Jende andana bildu zuen atzo Kepa Anabitartek (Pasaia, 1934) Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, Jose Antonio Agirre lehendakaria hil zeneko 50. urteurrenaren karietara iritzi politikorako Orrega taldeak antolatutako «La figura política del lehendakari Agirre» hitzaldian. Anabitartek ELA sindikatuko ordezkari gisa Parisen Gizarte Ikasketen Nazioarteko Institutuan ikasten ari zela ezagutu zuen gertutik Agirre lehendakaria. Hunkituta azaldu zuen Anabitartek lehenbizikoz Parisen Agirre gertutik ikusi zuenekoa. Han, Agirre hil aurreko 15 bat hilabeteetan, elkarrekin bizitako uneetatik jasotako testigantzaren berri eman zuen politikariak atzo, eta orduko irakasgaiek egungo euskal politika nazionalaren erreferente izan beharko luketela adierazi zuen.

«Egiazko euskal estatua zen»

Anabitartek Agirre, bizi zen artean, «arlo guztietan oztopo» izan zela azaldu zuen. Bere hitzetan, esaterako, alderdi errepublikar espainolak «boterea lortzeko erabilitako estrategiek Eusko Jaurlaritza edukiz hustu zuten; gero hasierako unera itzuli nahi zuten, baina, boterea lortzeko Jaurlaritza eta Agirre oztopo zituzten».

Gogora ekarri eta eredugarritzat jo zuen, horrela, Anabitartek Agirre lehendakariak sortutako euskal estatua. «Nahiz eta Agirre atzerrira joan arte soilik iraun, egiazko estatu bat izan zen hura», zioen politikariak. «Gobernatzen ez duen gobernua, ez da gobernua», Anabitarteren ustez, eta gisa horretan, egun, euskaldunok gure gobernurik ez dugula salatu zuen.

«Asko» dira, bere ustez, galdu diren Agirreren ideiak, baina, galtze hori erabatekoa izatea galarazten duten baldintzak ere badirela esan zuen. Anabitarteren esanetan, garrantzitsuena «euskal nazionalismoaren atal guztiek bizi duten ahuldadea gainditzea da». Munduko beste edozein herriren gisako gobernua lortzeko gai izango diren «lerro estrategikoak» zehaztea da eman beharreko lehen pausoa.

Agirreren lehendakaritzatik gaur egunera jazotakoak kontuan hartuta, gaur egun, askatasuna lortzeko «zer ez den egin behar» azaldu zuen Anabitartek. «Euskaldunona izango den gobernu propioa bada helburua, ezin diogu arrotza zaigun gobernuari beti men egin», azaldu zuen politikari ohiak.

Hala, Euskal Herriaren independentziarako lau ideia nagusi oinarri izan behar direla defendatu zuen: demokrazia, askatasuna, autodeterminazioa eta estrategia. Lehenbizi, Euskal Herrian demokraziarik ez dagoela argi utzi nahi izan zuen hizlariak. Bere hitzetan, gatazka politikoa dagoen herrian ezin da demokraziarik egon, horregatik, «inteligentziaz eta arrazoiz borrokatu behar dugu», zioen. Askatasunak, bestalde, «elementu dinamikoa» behar du, Anabitarteren hitzetan, eta ez «dekoratu hutsa». Askatasuna, beraz, politikarako «oinarrizko elementua» da eta horrek garamatza autodeterminaziora. Autodeterminazioa, baina, ez da erreferendum bat egitea edo hauteskundeetan bozkatzea, autodeterminazioa «kalean dagoen herria da». Azkenik, abertzaleen arteko estrategia bateratua «beharrezkotzat» jo zuen Euskal Herriaren independentziarako.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo