GARA > Idatzia > Kultura

«Pare bat urtetan ez dut musikarekin lotutako ezer egin nahi»

p040_f01_234x144.jpg

Iñigo Muguruza

Musikaria eta Sagarroi taldeko gitarrista

Hiru anaietan gazteena da Iñigo Muguruza irundarra. Jabierren eta Ferminen antzera, musika izan du ogibide eta hainbat taldetan aritutakoa da: Desband (gero Beti Mugan), Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau eta, azkenik, orain agur esan duen Sagarroi.

Ane ARRUTI | BILBO

Ezer ez omen da betiko eta Sagarroi taldeari ere iritsi zaio agur esateko ordua. Hamar urteko ibilbidearen ostean, proiektuari amaiera ematea erabaki dute Iñigo Muguruza, Carlos Zubikoa, Asier Ituarte, Miren Gaztañaga, Iban Larreboure eta Jon Amallobietak. Ondare ederra utzi dute bidean: bost disko («Meatzaldea», «Euria ari duela», «Toulouse», «Baleike» eta «Haikua»), eta baita «Ezekiel» antzezlana ere. Denbora falta, elkartzeko zailtasunak, haur txikiak... Denek izan dute parte erabakian eta Iñigo Muguruza, taldearen sortzailearekin hitz egin dugu horretaz guztiaz.

Ezustean harrapatu gaitu berriak. Zer dela-eta agurra?

Bilera bat egin genuen duela hilabete pare bat. Adierazgarria da duela bi-hiru hilabete taldea desegitea erabakitzea eta orain arte publiko ez egitea. Kosta egiten zaigula esan nahi du horrek. Taldea oso mekanismo motela edo geldoa bilakatu zen. Entseatzeko edo edozein gauza egiteko asko kostatzen zitzaigun elkartzea. Seme-alaben kontua ere hor dago, gehienok haur txikiak dauzkagu, lana, denbora eta tokia bilatzea entseatzeko... Denbora falta izan da azkenean arrazoi nagusia.

Bakoitza punta batean bizitzeak zaildu du, agian, taldearen jarraipena?

Bai, Bilbon, Ondarroan, Irunen eta Urruñan bizi gara. Hasiera batean, agur kontzertu bat egitea komentatu genuen, kontzertu akustikoa, eta horretaz hitz egiteko biltzeko ere lanak. Ni naiz lehenengoa. Bi eta lau urteko alaba bana dauzkat. Oraintxe baten bila noa, bestea sukarrarekin dabil... Lana da, eta ezagutzen duenak badaki. Nire bikotekideak etxetik kanpo lan egiten du eta nik ere bai. Pare bat urtetan ez dut musikarekin lotutako ezer egin nahi.

Ez dakigu sinistu edo ez, Muguruzatar bat bi urtez geldirik...

Beno, orain kantu bat egin dut alabaren eskolarako, baina oso modu lasaian. Ez dut esaten gitarra ukitu ere egingo ez dudanik eta gainera jarraitzen dut eskolak ematen eta gauzatxoak egiten. Baina badira talde batzuk: Kortatu, Negu Gorriak, Delirium Tremens, Joxe Ripiau, Sagarroi... Jaitsi egin behar dut pistoia, lasaitzen hasi. Nire adinean eta bi alabekin... Horretan saiatuko naiz behintzat.

Atsedenaldi baten moduan ulertuko dugu orduan?

Bakoitzak izan ditu bere arrazoiak. Bildu ginenean denok geunden Sagarroi bertan behera uzteko ados. Hamar urte bete ditugu eta agur esateko garai ona dela pentsatu genuen. Gero gerokoak. Bi urte barru biltzen bagara, eta beste musikari batzuk eta beste proiektu bat egin, jada ez da Sagarroi izango. Hasiera eta bukaera ematea gustatzen zait. Zenbat urte ditudan jakiteko modu bat ere bada... Badakit zein urtetan hasi ginen Kortaturekin, 84an hasi eta 88an bukatu, noiz Delirium Tremensekin, Negu Gorriak-ekin... Horiek dira nire erreferenteak eta Sagarroik badakit 2001etik 2010era iraun duela. Gustatzen zait datu horiek edukitzea.

Horrela begiratuta, nahiko borobil gelditu zaizue zenbaki festa hori.

Bai, hamar urte eta bost disko.

Iazko apirilean aurkeztu zenuten «Haikua» azken diskoa eta horretarako zigilu propioa ere sortu zenuten. Bazirudien epe luzerako proiektua izango zela.

Oraingoz zigilua ez dugu itxiko. Bukatzen dena Sagarroi da, musika talde bezala. Zigiluarekin agian zerbait egingo dugu, baina horretaz hitz egiteko ere datorren astean daukagu bilera bat, hori ere kostatzen ari zaigu... Asteartean gelditu gara bazkari bat egiteko.

Taldearen ibilbideari begira, Joxe Ripiaun tokirik ez zuten kantuei irteera emateko sortu zenuen hasiera batean Sagarroi, baina pixkanaka doinu dantzagarrietara bueltatu zineten, bukaera akustikoa...

Hamar urte izan dira baina, egia esan, Joxe Ripiaun azken garaian jada banenbilen gauza `kañeroak' grabatzen, orduan irteerarik ez zutenak, aurrerago, talde hardcore batekin ateratzeko. Joxe Ripiauren garaian, amaieran `kaña' handiagoa behar nuen eta orain, berriz, argi dago urteak pasa direla eta bilakaera bat egon dela, baina ez dut hardcorerik entzuten. Azkenengo diskoan sumatzen da, lasaiagoa da, eta baita entzuten dudan musikan ere. Kontzertuetara joaten naiz baina, gehienbat, Pirritx eta Porrotx eta horrelakoetara. Bestelakoek azpiegitura bilatzea eskatzen dute, umeak norekin utzi... Konplikatua da.

Bi urterako atsedena zuk. Gainerako taldekideek zein asmo dituzte?

Gure managerra, Jon Amallobieta, Esne Beltza taldearekin hasi da orain. Miren abeslaria, badakit talde batekin entseatzen dabilela eta antzerkian ere jarraitzen du Ander Lipusekin. Asier Ituarte, tronboi-jotzailea, Txuma Murugarrenekin dabil zuzeneko batzuk prestatzen, eta Iban bateria-jotzailea lehengo batean ikusi genuen kontzertu batean baxu-jotzaileak eta biok... Denok dugu zerbait azkenean.

Zuk? Musika eskolak ematen jarraitzen duzu?

Bai, bai, jarraitzen dut. Hamabost urte daramatzat dagoeneko, Irungo musika eskolan.

Eta, berriro ere kamera hartzeko aprobetxatuko al duzu?

Oraingoz ez daukat asmorik. Aparkatuta daukat. Iruditzen zait horretara propio dedikatu beharra dagoela. Pelikulak ikusten jarraitzen dut, ahal dudanean. Ihes egiten dudanean, zinemara joan...

 
ZAILTASUNAK

«Taldea oso mekanismo motela edo geldoa bilakatu zen. Entseatzeko edo edozein gauza egiteko elkartzea asko kostatzen zitzaigun»

hasi eta bukatu

«Hamar urte bete ditugu eta agur esateko garai ona dela pentsatzen genuen. Hasiera eta bukaera ematea gustatzen zait»

HARDCOREA

«Joxe Ripiauren garaian, amaieran `kaña' handiagoa behar nuen eta orain, berriz, argi dago urteak pasa direla eta bilakaera bat egon dela, baina ez dut hardcorerik entzuten»

ESKAINTZAK

Ezinduez gain, Irizarrek beste hainbat pertsona izan ditu gogoan disko honetako kantuetan, esaterako, Vicente Zaragüeta Donostiako Aquariumeko presidentea eta iaz hil zen Iñaki Odriozola pailazoa.

Fitxa

Izenburua:

«Hegalak Zabalik».

Abesti kopurua:

Hamabost.

Kolaborazioak:

Amaia Zubiria, Zumaiako San Pedro Txiki abesbatza, Esther Esparza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo