GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Espainiar demokratak ez dira ergelak

Nazio Batuen Erakundeak tortura saihestearren emandako gomendioek lortu ez dutena lortu du. Gobernu espainiarrak erraz erakuts lezake torturarik ez dagoela gomendio horiek indarrean jarrita, lege erreformarik egin gabe, baina ez du jaramonik egin. Eta berak NBEk eta giza eskubideen aldeko beste zenbait organismok lortu ez dutena lortu du.

Jaime Mayor Orejaz ari naiz. Eurodiputatua da, espainiar bezain eurodiputatu ez bada ere. Zer esanik ez, demokrata da, bestela ezingo litzateke eurodiputatua izan, Europa txokokeriak ez ezik, faxismoa eta edozein totalitarismo mota ere ondo gaindituta dauzkaten jendarteetako gizabanakoen ordezkarien bilgunea baita, interes berberak dituzten herrialdeen bilgunea, alegia, oraindik orain, Greziaren defizit publikoa dela-eta laguntza neurriak erabaki dituztenean, erakutsi duen bezala. Kontua da Mayor Orejak lehengo egunean ETA erakunde armatua eta PSOEko Gobernua «Espainia ahultzeko» negoziazioetan dabiltzala esan zuela, eta Gobernu hori oso minduta agertu zela. Hain minduta non berehalakoan erantzun dion, erantzun dionez. Perez Rubalcaba Barne ministroak eta Estatuko fiskal nagusiak iragarritako moduan, Ministro Kontseiluak lege aldaketak onartu zituen atzo. Frankismoa hain garai atsegin eta lasaia izan zuenak behintzat ez die demokrazia leziorik emango. Lege aldaketa horien arabera, justiziak ez dio kargu hartuko frankismoaren apologia egiten duenari, baina -garai atsegin eta lasai haiek eredu- ustelkeria kasuak salatzen dituzten horiek, herritarren eztabaida pizten duten gaien gaineko erreferendumak deitzen dituzten hautetsiak udaletan izan ez daitezen neurriak hartuko dituzte.

Ergelak dirudite PPkoek, legez kanpo utz litzakeen lege bat gogortzea eskatu dutenez gero; ergelak dirudite PSOEkoek, eurak ere legez kanpo jar litzakeen legea gogortzeko prest agertuta... Baina ez, ondo pentsatuta, ez dira horren ergelak, PPkoak eta PSOEkoak demokrata espainiarrak baitira. Ez espainiar bezain demokrata, baina bai Roldan, Barrionuevo, Urralburu, Matas eta beste hainbat bezain espainiar eta demokrata.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo