GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

In-de-pen-den-tis-tak

 

Aurtengo Aberri Egunera deitzen dugun milaka lagunetako bat izateko ohorea daukat. Zinez ederra da talde anitz honetan parte hartzea. Euskal Herrian ekimen berriak behar genituen eta pozgarria da abian jarri direla antzematea. Gauzak aldatzen ari dira Euskal Herrian, aldaketa batzuk mantso doaz, mantsoegi beharbada, beste batzuk berriz bizkor, ongi. Afera ez da abiadura, dena den, norabidea baizik. Asmatzea ez da erraza izanen, ez da sekula ere izan, eta oraingoan asmatu beharra dago, ez baitago huts egiterik. Herritarrok idatzi behar dugu geure historia, protagonista bilakatuz, eragile politiko eta sindikalak bultzatuz, animatuz, piztuz. Aljerreko elkarrizketetan, Lizarra-Garazin eta azken prozesuan pisuzko ikasgaiak aintzat hartu ahal izan ditugu denok. Oraingoa ikasitakoa gauzatzeko tenorea da, ez akatsak errepikatzekoa. Aurrerapenaren gakoa herrian dago, ez gutti batzuen jardueran. Kontua ez da negoziazio mahai batean esertzen direnen abilezia, jendearen jarrera baizik. Finean, gure herriaren etorkizuna da kolokan dagoena eta herria bera da herriaren interesak hobekien defendatzen dituena.

Esanguratsuki, aldaketa hauek gauzatzen diren une berean, errepresio saio berriak iragartzen dira Madril nahiz Parisetik. ETAren jarduera aipatzen dute etorriko diren kolpeak justifikatzeko, baina prestatzen ari direna herritarren parte-hartzearen kontrako urratsak dira, besteak beste, hauteskundeak antidemokratikoagoak bilakatzeko, kriminalizazioa zabalduz. Helburua argi dago: herria indargabetzea, isiltzea, politikagintzaren subjektua izan ez dadin. Estatuen portaerak argiki adierazten digu ez dutela gure nazioa libre eta bakean uzteko asmorik. Askatasuna herritarrok eskuratu beharko dugu, ez baitigute inola ere oparituko.

Ibiltzen egiten da bidea eta ekimen berriek egoera berriak ekartzen ahal dituzte. Ez dut uste mirakuluen zain egon behar dugunik. Ez dago formula magikorik, ez dago egoera egun batetik bestera aldatzeko aukerarik. Expektatibak sortzea ez da zaila, baina zapuzketak uzten duen zamak urrats berriak zailtzen ahal ditu. Ez dakit zer egin beharko den etorkizunean, baina asmatu beharra dago, eta horretarako askoz ere gehiago balio du milaka lagunen hausnarketak gutti batzuenak baino.

Gauzak horrela, biziki inportantea da subjektu kolektibo berriak, anitzak eta emankorrak sortzea. Euskal Herriak behar ditu, haiek bakarrik ekar dezaketelako aldaketa. Sortzen ari den independentziaren aldeko sarea subjektu horietako bat izan daiteke. Izanen da, sarea osatzen duen jendeak hala nahi baldin badu. Finean, independentisten eskuetan baitago duten/dugun indarra baliatzeko modurik zuzenena aurkitzea.

Edozein prozesuren mamia herriaren aktibazioan datza. Hamaika aldiz irakurri/entzun dugu. Behin eta berriro errepikatu da hanka-sartze bera, alta. Behin eta berriro, sinistea ere zaila izan arren. Herria aipatu, jendartearen protagonismoa azpimarratu, baina herriak ez du gauza handirik egiteko aukerarik izan. Bada akatsa gainditzeko garaia!

Euskal independentistok aldaketaren gakoa gara, agertoki berriak ekartzen ahal ditugun bakarrak. Independentistok gure indarrak batu behar ditugu urrats emankorrak eman ahal izateko. Aurtengo Aberri Egunaren leloak dioenez, nazioa garelako, eta Estatua behar dugulako. Aberri Egunean elkar ikusiko dugu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo