GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Manu Errazkin Aleman Oihane Errazkinen sendiaren izenean

Prozedura judiziala

Jon Anzaren kasuaren inguruan gertatzen ari dena kontuan harturik, idatzi honen bidez, gure esperientzia kontatu nahi dugu, eta aldi berean, Yolanda Molina abokatuak aipatutakoa egiaztatu. 2004ko uztailaren 8an aurkitu zuten Oihane hilda bere ziegan, Fleury-ko kartzelan. Handik, Evry-ko ospitalera eraman zuten eta ez genuen inongo oztoporik izan bertan hilotza ikusteko autopsia egin baino lehen. Are gehiago, etxeko hirurok (gurasoak eta anaia), gela batean Oihanekin bakarrik egoteko aukera izan genuen. Gero, autopsia egin ziotenean, gutako bat bertan egoteko aukera eskaini ziguten, baina guretzat gogorregia zen, horregatik Yolandari beti eskertuko diogu gure izenean autopsian egon izana. Eta hau guztia prozedura judiziala indarrean zegoelarik.

Horrexegatik, guretzat ez da batere ulergarria Jonen sendiari gertatzen ari zaiona: gorpua ikusten ez uztea, sendiaren konfiantzazko norbait autopsian egoten ez uztea, osasun txostenak eskuratzeko eskubidea ukatzea, eta abar. Imajinatzekoa da familiaren sufrikarioa, gezurra baitirudi horrelakorik gertatzea gizarte garatu batean. Pentsaezina, bai, baina tamalez, gertatu da.

Orain arte afera Kanayakis prokuradorearen eskuetan egon da, eta bera izan da, beraz, erantzukizun nagusia izan duena ukazio sistematiko horretan. Aitzakia, auzia prozedura judizialpean dagoela. Gezur hutsa, gure kasuan horrela izan ez zelako. Baionako fiskalak izan du bere esku Jonen sendiaren eskaerak ahalbideratzeko aukera eta, ez dakigu zergatik, baina dena ukatu egin du. Gaizki pentsatzea erabat legezkoa da, horregatik, agian afera prokuradorearentzat handiegia izan dela eta behar zuen maila eman ez duela ustea zilegi izango litzateke, edo akaso fiskalak nolabaiteko presioa jasan duela pentsatzea ere zilegitzat jo genezake...

Egun, Tolosako epaile baten esku geratu da auzia eta espero dugu gauzak zuzenduko direla familiarentzat. Bitartean, lerro hauen bitartez animoak, indarrak eta besarkada beroena bidaltzen dizkiogu Jonen sendiari. Izan adoretsu eta eutsi goiari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo