GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Biarritzek final kutsuko partida izango du Anoetan

Zuri-gorriek Stade Toulosain hartuko dute, eta Avironek, berriz, Castresen zelaian jokatuko du.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA

Final kutsua izango du gaur 16.25etik aitzinera Anoetako estadioan Biarritzek Stade Toulosainen aurka jokatuko duen neurketak. Izan ere, lehenengo seietan sartu eta Ligako final-laurdenak jokatzeko azkeneko aukera izango baitu. Gaur galtzen badu, akabo, ez du aukerarik izango.

Bada, ordea, inork aipatu nahi ez duen beste kontu bat ere. Gaur galtzen badu, eta atzetik dituenak irabazten badute, ia parean jarriko zaizkio, eta jaitsierako mamua ere ager daiteke. Egutegiari begiratuta, ez dirudi horrelakorik gertatuko denik, baina gerta liteke. Denak Europari begira daude, baina atzekoak ere ez daude lo.

Partida gaiztoa izango da. Stade Toulosainek ere asko du jokoan. Sailkapeneko lehenengo biek zuzenean jokatzen dute finalerdia, eta horixe da Okzitaniakoen helburua. Hasiera batean, zuri-gorriena ere bai, baina orain kontuak ederki aldatu dira Biarritz aldean.

Anoeta ongi doakio talde lapurtarrari, baina horrek ez du esan nahi emaitzak beti onak izan behar direnik. Euskaldunen artean, jokalari denak osatuta daude, eta hori oso berri ona da. Festa giroa izango da egun osoan, baina segur aski hemendik bi astera Biarritzek berriro ere Anoetan jokatuko duen partidarekin ez du zerikusi handirik izango. Festa giro horren barruan, Miguel Indurain izango da protagonistetako bat, berak egingo baitu ohorezko sakea. Biarritzek, gainera, Ligan jokatzen duen milagarren norgehiagoka izango du.

Avironek ere ez du askoz neurketa gozoagoa izango, Castresen zelaian, sailkapeneko lehenaren etxean, alegia, jokatuko baitu gaur, 14.30etik aitzinera. Zuri-urdinek ere puntuak behar dituzte mailari eusteko aukerak izaten jarraitzeko. Une honetan jaitsierako postuetatik kanpo daude, baina atzekoak oso gertu dituzte, eta gaur galduz gero, litekeena berriro jaitsierako postuetan sartzea, eta hiru jardunaldi bakarrik geratuko lirateke Liga amaitzeko.

Dena dela, entrenatzaile aldaketarekin gauzak hobeto doaz Lapurdiko hiriburuko taldean. Askoz ere lan hobea egiten du taldeak, eta emaitzak ere onak edo hobeak dira. Gaur, Castresek, Okzitaniako Tolosakoek Anoetan bezalaxe, Ligako finalerdietara zuzenean sailkatzeko aukerak izateko irabazi egin behar du. Gainera, beheko postuetan dabilen baten aurka galtzea kolpe gogorra litzateke. Puntu bat lortzea ere ez litzateke txarra izango Avironentzat.

Bera Berak ezin du hutsik egin Ordiziaren aurka

Bere garaian, egindako elurteagatik atzera behar izandako derbia jokatuko dute bihar 12.00etatik aurrera Anoetako estadio txikian. Pegamo Bera Bera eta Ampo Ordizia neurtuko dira. Partida garrantzitsua da, batez ere etxeko taldearentzat, mailan jarraitzeko lau puntuak behar dituela kontuan hartuta. Galtzen badu, ia-ia, Ohorezko B Mailan izango da. Ordiziak, berriz, mailan jarraitzeko txartela ia eskuetan dauka, baina derbiak derbi dira, Ordiziatik jende asko etorriko da, eta garaipen bila joango dira hiriburura. Bera Berak asko hobetu da azkenaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo