GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Marka saiakera

Etxeberria eta Urkiola denak gainditzeko prest daude

Gipuzkoarra 100 kiloko kubikoarekin arituko da, bost minututan eta bizkaitarra, berriz, 132 kiloko errektangularrarekin, gaur gauean Aian izango den jaialdian.

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA

Egun handia izango da gaur Aian, bertako pilotalekuan 22.00etatik aurrera bi marka ahalegin egingo baitira, eta lehen aldiz bi neska batera izango dira marka saiakera horiek egiteko asmoarekin. Alde batetik, Miren Urkiola arituko da 132 kiloko harri errektangularrarekin, eta bestetik Idoia Etxeberria, 100 kiloko kubikoarekin.

Miren Urkiolak bi marka lor ditzake gaur Aian. Alde batetik, inoiz neska batek jaso duen harririk handiena jasotzea, eta bestetik, neska batek inoiz jaso duen harri errektangular astunena jasotzea. Orain arteko marka Marijose Sardonek dauka, eta berak 131 kilokoa dauka jasota, baina zilindro zaharra erabili zuen.

Horri garrantzia kendu nahi izan dio bizkaitarrak: «Nik neska batek plazan inoiz jaso gabeko harri errektangularra jaso nahi nuen. Egia da Marijok baino kilo bat gehiago duela, baina hark zilindro zaharra jaso zuen, beraz, harriak oso ezberdinak dira. Nik gaur jasota ere, zilindro zaharrik handiena berak izango du jasoa», adierazi zuen.

Miren ere zilindroekin hasi zen, baina azkenaldian errektangularretara pasatu da: «Harri ezberdinak dira. Errektangularrean pisua hobeki zabalduta dago. Gustatzen zait», dio Urkiolak. Etxean jasoa duenez, itxaropen handiarekin doa: «Plazara ezin zara aurretik jaso gabe joan. Helburua behin jasotzea da, horrekin marka egina izango delako, baina gero saiatuko naiz gehiago jasotzen, betiere lehenengo hori ongi ateratzen bada», esaten du harri-jasotzaile bizkaitarrak. Aste honetan tripetako minak jota ibili da, baina osatu dela dio: «Susto bat besterik ez da izan. Egun bat pasatu nuen tripetakoarekin, baina pasatu da, eta horrek eraginik ez izatea espero dut», esan zuen Mirenek.

Herritik gertu

Idoia Etxeberria ere ilusio handiarekin dago. Bera 100 kiloko kubikoarekin arituko da, eta plazan harri horrekin nesketan inork egin ez duena egin nahi du: «Harri berezia da. Lehengo marka errektangularrarekin egin nuen. Nahiko erraz ikasi nuen harri harekin, baina kubikoak badu zerbait berezia, gustatu egiten zait, eta honekin ere nahiko ongi moldatzen naizela uste dut», adierazi du 17 urteko oriotarrak.

Etxeberriak aurreko marka irailean egin zuen Orion, eta jendea txundituta utzi zuen bere ekinaldiak, sekulako abilezia erakutsi baitzuen. Nolanahi ere, berak azaldutakoaren arabera, ez du uste harrezkero presio handiagoa duenik bere gain: «Uste dut orduan presio gehiago nuela. Nire lehen ahalegina zen hura, eta lortzen ez banuen zer gertatuko zen, horrek ematen zidan kezka. Hura lortuta orain lasaiago nago, nahiz eta badakidan orain berriz lortzen badut jendeak gehiago jarraitu nazakeela».

Bi neskak marka egitera batera joateak ere ilusio berezia ematen dio Idoiari: «Nik uste dut bioi ematen digula. Batera ari gara entrenatzen, eta uste dut propio bi neska marka egitera ez direla inoiz joan. Niri ilusio handia ematen dit», onartzen du gazte gipuzkoarrak.

Lekua ere ez da txarra, Aiako plazak garrantzia berezia baitu Euskal Herrian. «Leku berezia da, eta etxetik gertu daukat gainera. Inguruko jendea ere joango da, eta hori garrantzitsua da», erantsi du Orioko harri-jasotzaileak.

 
Lanean segitzeko, badute denbora nahikoa aurrean

Oraindik lanerako urte asko dituzte Urkiolak eta Etxeberriak. Lesioek eta gainerakoek errespetatzen badituzte, zeresan handia emateko gai izango dira bi neska hauek, biak baitira oso gazteak. Miren Urkiola izan zen ofizialki plazetan hasi zen lehen neska, eta ordutik badira urte batzuk, eta oraindik 22 urte besterik ez ditu. Idoia Etxeberria, berriz, are gazteagoa da, eta honek ere izango du astia bere maila ematen jarraitzeko, 17 urte besterik ez baititu. Beren azken markak ere handiak izan ziren. Urkiolak 3 aldiz jaso zuen 125eko errektangularra bost minutuan, eta Etxeberriak, berriz, lau aldiz denbora berean 120ko errektangularra.

J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo