GARA > Idatzia > Kultura

Sega bizkarrean hartuta dakar Fernando Morillok «Bilbo Samurai» eleberria

Sega eta guzti aurkeztu zuen atzo Fernando Morillok «Bilbo Samurai» bere azken lana. Euskal Herri pos-apokaliptiko batean bere anaiaren heriotzaren mendekua hartzen ahaleginduko da izen bereko gerlaria.

p049_f01_147x100.jpg

Jon GARMENDIA | BAIONA

«Errenditu? Ez. Inolaz ere ez. Errenditu sekula ez». Horixe da Bilbo Samurai, Fernando Morilloren (Azpeitia, 1974) azken liburuko protagonista. «Beti erakarri izan naute burua makurtzen ez dutenak», esan zuen idazleak. Abenturaz beteriko istorioa osatu du Txalaparta argitaletxearekin kaleratutako eleberri honetan.

Eta liburuko protagonistaren moduan, sega hartuta egin zuen atzo aurkezpena. «Borroka egiteko zaila da, baina aurkariarentzat ere zaila da defenditzeko. Hasieran katana jartzea pentsatu nuen baina oso ikusia da. Sega bisualki indartsuagoa da, heriotzaren sinboloa da, eta euskaldunagoa ere bada».

Hondamendi baten ostean, Euskal Herri pos-apokaliptiko batean kokatu du Bilbo Samurai, «lurralde birrindua, zakarra eta iluna, ez dago gasolindegirik, ezta argindarrik ere». Bere anaia hil egin dute eta Xuri mutiko gaztearen laguntzaz abiatuko da abenturetan barrena.

Zientzia zalea izanik, mutazioak eta fantasia ere sartu ditu Morillok. «Giro fantastikoa betidanik gustatu izan zait. Azkenean, barrura bidaia egiteko modu bat da», esan zuen. Izan ere, McCarthyren «The Road» lanaren kutsu bat baduela aitortu zuten bai idazleak, bai Mikel Soto editoreak ere. «Kanpoko abenturaz gain, indar izugarria du barruko jardunak, barruko bidaiak». Lerro artean irakurtzen duenak azpi-istorioak topatuko ditu, baina, funtsean, «grina eta umorea» nagusitzen dira.

Komikirako ezin hobea

Erritmo bizia eta oso kontakizun bisuala egiten saiatu da Morillo, modu batean nolabaiteko komiki giroan sartuz eta deskribapenak ekidinez. «Uste dut, irakurleak berak jarri behar duela bere aldetik zerbait. Bilboren izaera deskribatzen da, baina ez bere fisikoa».

Bide horretan, Sotok, editore den aldetik, pena batekin gelditu izana aitortu zuen: «Komiki bat egiteko eskatuko nuke, oso bisuala eta indartsua delako, eta ahal izanez gero, pelikula bat ere bai!».

Bi poemekin «hesitzen» da istorioa. Igor Estankonak euskaratutako Alfred Tennyson poeta ingelesaren bat hasieran, eta bukaeran, berriz, Pablo Nerudaren hauxe: «Egunen batean, zeinahi lekutan, zeinahi tokitan, zeure burua aurkituko duzu ezinbestean, eta hori, soilik hori, izan daiteke zeure ordurik zoriontsuena edo garratzena».

Eleberri hau «itxi» arren, Morillok argi du Bilbo Samurai ezagutzen jarraitu nahi duela eta, pertsonaiak harrapatuta, gehiago idatziko duela. Argitaratu bitartean, www.fernandomorillo.eu atarian joango da aurreratzen.

DESKRIBAPEN GUTXI

«Erritmo bizia eta oso kontakizun bisuala egiten saiatu naiz. Deskribapen oso gutxi daude, uste dut irakurleak bere aldetik zerbait jarri behar duela. Bilboren izaera deskribatzen da baina ez bere fisikoa».

Fitxa

Titulua: «Bilbo Samurai».

Idazlea: Fernando Morillo.

Argitaletxea: Txalaparta.

Bilduma: Amaiur.

Orrialde kopurua: 324.

Prezioa: 20 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo