GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«Legez» egiten zutena lege bihurtu dute orain

Astean zehar Jaime Mayor Orejaren hitzak gogor kritikatu arren, eskuindar politikariak eskatutakoari men egin zion atzo Rodriguez Zapateroren Gobernuak. Euskal independentismoa hauteskunde lehian ez izateko helburuarekin, Alderdien Legea eta Toki Araubidearen Legea moldatu zituen Ministroen Kontseiluak, premiazko prozedura bidez. Neurria larria da, zalantzarik gabe, are larriagoa Euskal Herrian eratzen ari den agertokia kontuan hartuz gero. Argi dago ezker abertzaleak erabakitako alde bateko erabakiei kontrako norabidean doazen alde bateko erabakiekin erantzutea erabaki dutela agintari unionistek. Zer dio honen aurrean, adibidez, Eguigurenek?

Badago lege-aldaketaren auzi honetan nabarmentzekoa den beste kontu bat. Orain arte ezkertiarren eta abertzaleen zerrendak, plataformak eta alderdiak legez kanporatzeko erabili dituzten argudioak lege bihurtu dituzte orain. Baina, paradoxikoki, orain arte legea interpretatuz egin dutenaren berdina esaten dute atzoko moldaketek. Zer ziren erabaki horiek, bada, ilegalak? Beste behin ere, espainiarrek «demokrazia» eta «legea» ulertzeko era aldrebesa dutela erakutsi dute. Era berean, helburua ezker abertzalea instituzioetatik kaleratzea dela esan dute hedabide ugarik, oraingo egoera horixe ez balitz bezala! Propaganda gutxiago behar da, baita kultura demokratiko pittin bat gehiago ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo