GARA > Idatzia > Ekonomia

Buruntzaldeko langabezia tasa azken 21 hileetan %65 hazi dela salatu du LABek

p030_f01_199x112.jpg

GARA |

Buruntzaldeko LABek «enplegua suntsitzearen aurkako» martxa egin zuen atzo goizaldean, Usurbilen hasi eta Hernanin bukatu zena. Ekimen honekin sindikatuak Donostiaren mugakide den eskualdeko langabezia tasa azken 21 hilabeteetan %65,8 hazi dela salatu zuen eta uneotan langabeen kopurua %12,6koa dela.

Duela ia bi urte Usurbil, Lasarte-Oria, Urnieta nahiz Hernani inguruko herritarrak krisi hotsak entzuten hasi zirela gogora ekarri zuen sindikatuak. Hala nola, denbora tarte horretan, «instituzio guztiak» krisia sortu zuten «banku zein espekulatzaile kapitalistak» erreskatatu nahian ibili direla kritikatu zuen, azken batean, sistema bera salbatzeko asmoz.

Bitartean, kapitalistek sortutako krisia langileen gainera erori dela salatu zuen LABek, eta horren adierazle direla, langabezia, gizarte babesaren eta zerbitzu publikoen eraispena eta orain «langileen eskubideak berriz ere zokoratuko dituen» lan merkatuaren erreforma inposatzeko saiakera.

Alternatiba

Egoera orokorrari so eginda, beraz, eredu neoliberalak langileentzat ez duela alternatibarik eskaintzen baieztatu zuen sindikatu abertzaleak. Alternatiba egon badagoela, ordea, adierazi zuen, lanaren eta aberastasunaren banaketan oinarritutakoa, alegia, baina langileek eraiki beharrekoa dela azaldu zuen.

Lehen-lehenik, eta krisialdi honetatik langileria ahulduta irten ez dadin lau eginbehar nagusi daudela azaldu zuen. Euskal sektore publiko sendo, eraginkor eta indartsua erdiestea, LABen iritziz hauxe baita ekonomia jendearen mesedetan kokatzeko tresnarik funtsezkoena; lanaren banaketan oinarritutako enplegu estrategia osoa garatzea; babes sozialerako sistema duina bermatzea, euskal pentsio sistema publikoaren aldeko apustua eginez, eta politika ekonomiko eta sozialak Euskal Herrian erabaki daitezen lortzea, langileek erabakietan parte hartzen dutela ziurtatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo