GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bi pertsona hil dira itota Aturrin, Baionako gabarraren ondoan

GARA | BAIONA

Bi pertsona itota hil ziren ostegun arratsean Baionan, Aturri ibaian. Bere buruaz beste egin nahi zuen gaztea, eta hura salbatzeko uretara jauzi egin zuen gizona dira bi hildakoak. Ibaiertzera heltzen ari zirenean, nekeak jota uretan hondoratu ziren. Gizonaren gorpua ostegunean bertan atzeman zuten, baina gaztearena ez zen atzo arratsaldera arte agertu.

Ostegun iluntzean gertatu zen ezbeharra, 20.15 aldera. 19 urteko gazte batek bere burua ibaira bota zuen Santespirituko zubitik. Bere burua uretara bota ondoren laguntza eskatu zuen gazteak, garrasika. Jatetxetik ateratzen ari zen bikote batek oihuak entzun, eta Mohammed Petit izeneko gizonak uretara jauzi egin zuen berehala, gaztea laguntzeko asmoz. Ia lortu zuen uretatik onik ateratzea, baina ibaiertzera iristeko zorian zirelarik, hondoratu egin ziren.

Baionan ostatu lana egiten duen gabarra alboan hondoratu ziren biak. Itsasontziko jabeak ikusi zituenean soka bota zien ateratzen laguntzeko, baina ailegatu baino pixka bat lehenago, nekeak jota, hondoratu egin ziren.

Suhiltzaileak

Suhiltzaileak bertaratu ziren, handik zebiltzan etxerik gabeko pertsonek ohartarazita. Urpeko tresnekin eta helikopteroarekin aritu ziren suhil- tzaileak gorpuen bila.

Berehala atzeman zuten gizonarena, baina gaztearena ez, atzo arratsaldera arte. Itsasontziaren azpian zegoela jakinarazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo