GARA > Idatzia > Mundua

KRONIKA Txile, lurrikaratik hilabetera

Lurrak dardar egiten ez duenean aregotzen da ikara

Lurrikara gertatu zenetik hilabetera, astinaldi gehiagoren beldurrez -horien indarra neurtzen ikasi dute, sismografo bizidunak balira bezala- bizi dira Concepcioneko bizilagunak. Lurrak dardara egiten ez duenean, tentsioak gora egiten du, lasaitasun horrek esanahi argia daukalako: beste erreplika bat.

p026_f01_148x104.jpg

Graciela ALMENDRAS France Presse

Lurra mugitu egiten da -ugari izan dira hiria suntsitu zuen 8.8 graduko lurrikararen ondoko astinaldiak- eta denak zain gelditzen dira, noiz geldituko zain.

«Zenbat apustu 4,9koa izan dela?», dio Nelsonek, etxean. «Bostekoa behar luke», zehazten du Juanek; eta sismologia zerbitzuek berari eman diote arrazoia: Richter eskalan 5 gradukoa izan da.

Hondamendi hartatik hilabete igaro denean, besarkadak indartsuagoak dira eta elkartasuna nabarmena da. Kafetegietan, lurrikara da hizketa gai bakarra, eta hirigunean, jada ohiko bihurtu dira hustutako bulegoak, teilatuetako arotzak, argiteria konpontzen duten argiketariak eta eraikinak eraisten dituzten makinak.

Astinaldiaren osteko harri eta hondakin pilaketaren artean, Concepcioneko 500.000 biztanleak erruz saiatzen dira ohiko bizimodua egiten. Ez da erraza, ordea, hainbeste jendek guztia galdu duenean.

«Jendeak supermerkatuetan erosten du, gu hemen sufritzen ari garen bitartean. Ahaztu gaituztela dirudi, hemen inoiz ez dela ezer gertatu», dio, penaz, lurrikararekin batera lanpostu gabe gelditu zen Danielek.

Kaleetan, armaz hornitutako militarrak binaka edo hirunaka paseatzen dira. «Jendeak eskerrak ematen dizkigu hemen egotearren, eta, oro har, ez alde egiteko esaten digute», azaltzen du Armadako kide batek, errondan ari dela.

Gauez basamortua diruditen kaleetan zehar dabiltza, zelatari: gaueko hamaiketatik goizaldeko seiak arte etxetik ez irteteko agindua dago.

Hiri honetako beste kale batean, erortzeko zorian dagoen eraikin baterako sarrera jagoten ari den polizia bat dago. «Jendea arduratuta dabil azkenaldian, albistegiek zerbait askoz okerragoa etor litekeela diotelako», azaltzen du.

«Lurrak bere zentrora itzuli nahi duela entzun dut, eta horregatik ari dela egokitzen. Hala jarraituz gero, hiria zabaldu egin daiteke, uharte baten moduan gelditu edota, besterik gabe desagertu. Jaungoikoak baino ez daki hori», kontatzen du, temati, Luisek, bolo-bolo dabiltzan esamesak aipatuz.

Urteko lehen tantak erortzen hasi dira, baina hori ez da oztopo suntsipenaren lekukotza hartu guran dabiltzan begiluzeentzat.

Lurrikarak eragindako triskantzaren sinbolo bihurtu da 15 solairuko Alto Rio izeneko eraikin modernoa, ordutik bisita gehien jaso duena. Astinaldiaren ondoren atzerantz erori zen, hamar laguni heriotza eraginez.

Hortik gertu, 35 bat familiek parke batean ezarri dute kanpalekua, iragan otsailaren 27ko goizaldeaz geroztik. Bizileku zuten eraikinak lurraren indarrari zutik eustea lortu zuen, baina egituraren kalte larriak ikusita bertako bizilagunak etxetik alde egitea erabaki zuten.

Kanpadendetatik posible dute beren etxeak ikustea. «Begiratu gure eraikinari, arrakalaz beteta dago, horrela ezinezkoa da bertan bizitzea», argitzen du Sarak. Hondamendiaren ondoren, bere senarrarekin batera ihes egin zuen etxetik, dardaraldi gehiagoren beldurrez.

Etsipena bultzaka

Beste kaltetu batek, Robertok, bigarren solairuan zegoen leiho batetik jauzi egin zuen bere emaztearekin batera, etxebizitza gainera eroriko ote zitzaien izuak jota. Erreplika berri bakoitzaren ostean, bere etxera inguratzen da, pitzadurak handitu ote diren ikusteko.

«Etsipenak jota salto egin genuen eta nire emazte haurdunak hanka bat hautsi zuen. Jakin badakigu beste batzuek gu baino gehiago sufritzen ari direla, baina ezin dugu jasan kanpaleku honetan dauden arratoi eta infekzioak, konponbiderik ez daukaten eraikinak», azaltzen du Robertok.

Handik hurbil, Biobio ibaia zeharkatzen duen zubia dago, astinaldiari eutsi zion bakarra, baina jadanik, taxilariak ez dira bertatik pasatzera ausartzen. «Zubi hau edozein momentutan eror daiteke, zeharkatzeak beldurra ematen du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo