GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA Bertsolari gazteen XVIII. BBK sariketa

Lea-Artibaik errebantxa hartu, eta berdinketa noiz hautsiko zain geratu da Ipar Uribe

Errebantxa gosez kantatu zuen hasieratik Lea-Artibaiko taldeak. Iaz txapela esku-eskura izan ostean, Bilboko Kafe Antzokian Ipar Uriberekin egin zuen topo ostera, eta oraingoan, ez zuen aukera alperrik galdu.

p051_f01_148x88.jpg

Ane ARRUTI

Joan-etorrian dabil Ipar Uribeko bertsolari gazteen taldea. Azken bost finaletan izan da, eta txandaka, irabazi edo bigarren egin du. Atzo arratsean jokatu zen XVIII. BBK Sariketako finala, eta iaz aurkari izan zuen Lea-Artibaiko taldeak hartu zion lekukoa. Guztira 404 puntu eskuratu zituzten garaileek, 168 gazteenek eta 236 helduenek. Ipar Uribek, berriz, guztira 354 puntu bildu zituen, 127 eta 227, hurrenez hurren. Bi mailatan nagusitu zen, beraz, Lea-Artibai. Bertsolari gazteenaren saria Josune Aramendirentzat izan zen eta bizkaiera onenarena, aurten lehenengo aldiz aurkeztu den Enkarterriko Aitor Urrutiarentzat.

Eskualdeka eta taldeka jokatzen den sariketa honen finalean, hamabi bertsolari gazte aritu ziren atzo, nor baino nor. Ipar Uribetik, Inazio Vidal, Peio Arondo eta Maialen Markaida (Imanol Uriari lekukoa hartuz) 18 urtez azpitik; eta Beñat Vidal, Peru Vidal eta Itsaso Paya, 24 urte bitartean. Lea-Artibaitik, Nerea Ibarzabal, Josune Aramendi eta Elene Lejarzegi gazteenen mailan, eta bigarren txandan, Xabier Iturraspe, Xabat Galletebeitia eta Eneko Arrate.

Gaztetxoenak izan ziren kantuan lehenak, eta urduritasunak bati baino gehiagori bere onena ematen utzi ez bazion ere, guztiek utzi zuten zertzelada ederren bat. Izan ere, ez da gutxiagorako. Leku txikietan kantatzetik antzokiko oholtzan, foku eta argazkilariz inguratuta kantatzera badago aldea.

Dena dela, Lea-Artibaiko hiru neskak hasierako agurretik jo zioten erasoari, galtzeko batere asmorik gabe. Lau oinak emanda, bertso bana bota zuten Nerea eta Inaziok, eta ondoren, zortziko txikian aritu ziren. Berdin egin zuten Josune eta Peiok. Ama-semearenak egiten jarri zituen Bernardo Mandaluniz aurkezleak. Krisia dela-eta, pagarik gabe utzi zuen amak semea. «`Generación ni-ni'-ra zuzenean joango naiz», esan zion Peiok. Eta amak erantzun: «Peio, hara, maitea, ez hartu ba pena/ dirua ez da munduan garrantzitsuena».

Kartzelako lanean Elene eta Maialen aritu ziren. Puntuari erantzun, bukaera emanda zortziko handian bertso bat osatu eta gaia emanda beste bat botatzea ziren egin beharrekoak. Finala zela-eta, artega jarri, komunean sartu eta ezin atera zeudela zioen gaiak. «Ispiluari oin esan dotsat: benga, Elene, akabo/ ta zezenari adarretatik heldu beharra badago/ oin komunetik atarako naz sartu baino indartsuago», kantatu zuen Lea-Artibaikoak.

Umorea eta eskarmentua

Adinean bakarrik ez, oholtza gainean egoteko moduan erakutsi zuten esperientzia eta eskarmentua 24 urte bitarteko bertsolariek. Urduritasuna bai, baina beste tenple batekin aritu ziren jendaurrean eta segurtasun horrek, umorez beteriko ale ederrak uzteko parada eman zuen, baita aldarrikapenak egiteko ere.

Beñat eta Xabat hasi ziren, lau oinen ariketaren ostean, zortziko nagusian ofizioka. Anaia mendian galdu eta urtebetez joan gabe egon ondoren, itzultzeko proposatu zion Xabatek. «Ez dakit, Xabat, hara joanda egingo ote dugun oker/ bera jauzi zen leku beran gu jauziko bagina zer?», esan zion Beñatek. Anaiaren erantzuna, borobila: «Itzul gaitezen anaiagana Anbotoko harri artera/ eta bertsotan egingo dogu berriz hirurok batera».

Umorea nagusitu zen Peru eta Enekoren arteko saioan. Hauek ere anaiak, Peruk Enekoren ezkon-eraztuna jantzi, eta ezin atera zebilen. Peruk aukera aprobetxatzea pentsatu zuen: «oso gustokoa dut behar duzu jakin/ agian nik ezkondu behar dut berekin».

Kartzelan, Itsaso eta Xabier aritu ziren. Puntu erantzunean ondo ibili ziren biak, baita bukaera emanda ere. Bi bertso osatzeko gaia, «kostata baina azkenean lortu duzu bere telefono zenbakia, deitu edo ez zalantzan zabiltza». Itsasoren lehenengoaren bukaera: «Sei, sei, bost, zazpi, markatzen hasi, hasiko dut berriketa/ final honetan bezala deituz zer galtzerik ez dut eta». Xabier ere, lehenengoan ibili zen finen: «baina mobila eskatu dotsat, nunun topau dot kemena/ telefonua badaukat baina oraintxe dator txarrena».

Bukatzeko, puntuka, Itsasok emaitza aurreikusi zuen: «zuek irabazi ezkero noiz desenpatea»... Erronka jarrita dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo