GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Mendiko eskia Lehia

Andres de Regil Sariarekin, agur denboraldi ofizialari

Euskal Mendizale Federazioak antolatutako mendiko eskiko lehien zirkuitua amaitu da Europako Mendietan jokatutako probarekin. Kronoigoeran indartsuenak Maria Leunda eta Joseba Tobar izan ziren. Andres de Regil Kopa, berriz, Iban Letamendik eskuratu zuen.

p052_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Nahiz eta gure ingurumarian oraindik probaren bat edo beste jokatuko den, lasai asko esan genezake mendiko eskiko lehien denboraldia amaitu egin dela. Hori gertatu zaio, bederen, Euskal Mendizale Federazioak atondutako zirkuitu ofizialari.

Azken hitzordua pasa den 20an eta 21ean izan zuten: Andres de Regil Kopa. 35. aldia zuen proba aitzindari horrek, eta, ohi den legez, eskiatzaile askok hartu zuten parte. 81 talde aurkeztu ziren lehiara; horietako 41 Euskal Herritik iritsitakoak.

Aurreratu dugunez, Regil Kopak bi eguneko lehiak izan zituen. Lehenbizikoan, eguraldiak ez zuen batere lagundu. Haizea eta euria protagonistak bihurtu ziren; eta, hala ere, lehiakideak ez ziren kikildu eta oso norgehiagoka interesgarriak izan ziren. Taldekako proba izan zen, eta, batere ohiko ez bada ere, bi talde denbora berdinean helmugaratu ziren: Lander Alvarez-Iñaki Uyarra eta Iban Letamendi-Aitor Otxoa. Hirugarren talde sailkatua Aitor Muruak eta Fernando Monasteriok osatutakoa izan zen. Nesketan, berriz, Marta Condado eta Maria Leunda indartsuenak izan ziren.

Tobar eta Leunda onenak

Gazteak eta beteranoak ere gogor lehiatzen ikusi zen. Kadeteen mailan, adibidez, Ander Sistiaga eta Ander Garmendiaren taldeak irabazi zuen. Eta jubeniletan: Erlantz Gonzalezek eta Jon Leibarrek.

Beteranoetan, berriz, Elsa Mayor eta Eva Maria Garciak aise irabazi zuten. Eta gizonezkoetan, Monasteriok eta Muruak osatutako taldeak.

Biharamunean, berriz, Euskal Herriko Kronoigoera Txapelketa jokatu zen. Oraingoan bai, eguraldiak lagundu zuen. Elur gogorra eta ibilbide azkarra. Euskal eskiatzaile indartsuenek ez zuten ezustekorik nahi, eta, horrela bada, hasiera-hasieratik erritmo bizia jarri zuten. Helmuga Veronicako aterpean zegoen, eta hara iristen lehena Joseba Tobar izan zen, 38 minutu eta 41 segundoko denborarekin. Nesketan, berriz, Maria Leunda gaztea izan zen azkarrena.

Amaitzeko aipatu behar dugu Iban Letamendik Andres de Regil Kopa-BBK Saria eskuratu zuela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo