GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hautagaitza errepikatuko dute Azkuna eta Bilbaok udal eta foru hauteskundeetan

Udal eta foru hauteskundeetarako urtebete baino gehiago falta den arren, EAJk dagoeneko zehaztu ditu Bizkaiko hautagai nagusiak. Iñaki Azkunak eta Jose Luis Bilbaok, hurrenez hurren, Bilborako eta Batzar Nagusietarako hautagai zerrenden buruan errepikatuko dute.
p016_f02_199x116.jpg

GARA |

EAJren Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Andoni Ortuzarrek 2011ko udal eta foru hauteskundeetan alderdi jeltzaleak aurkeztuko dituen hautagai nagusiak zein diren jakinarazi zuen atzo. Horretarako prestatutako agerraldian adierazi zuen Iñaki Azkuna eta Jose Luis Bilbaok errepikatuko dutela Bilborako eta Batzar Nagusietarako zerrenden buruan. Horiekin batera, Batzar Nagusietarako lehendakari Ana Madariagak ere errepikatuko du kargurako.

Ez da ohikoa izaten alderdiek hain goiz aurkeztea hautagaiak. Izan ere, oraindik urtebete baino gehiago falta da hauteskundeetarako. Ortuzarrek azaldu zuenez, PP eta PSErentzat Bizkaia da «harrapakin preziatuena», eta EAJk «aurpegia» eman nahi duelako, «ahalik eta arinen argitu» ditu zeintzuk izango diren hautagaiak. Aho batez onartuak izan direla gaineratu zuen.

Txoriherri eskualdean ere EAJren zerrendaburuak aukeratuak izan dira dagoeneko. Ustezko prebarikazio kasu batengatik inputaturik dagoen Alaitz Etxeandia izango da Lezamako alkategai izendatu duten hautagaietako bat.

Patxi Lopez lehendakari denetik, EAEn «gobernu eza» dela nagusi esan zuen Ortuzarrek, eta egoera horri aurre egiteko EAJrekin ez dela horrelakorik gertatuko erakutsi nahi izan die herritarrei hautagaiak aurkeztuz. Alderdian ez daudela «kezkaturik» azpimarratu zuen buruzagi jeltzaleak, «pozik» daudela Bizkaiko erakundeen funtzionamenduarekin eta gizarteari erakutsi nahi ziotela Azkuna, Bilbao eta Madariagaren hautagaitzak errepikatuz.

«Aurpegia ematen jarraituko dugu», PSEk eta PPk «aldaketa politikoa» herrialdera zabaltzeko dituzten asmoen aurrean.

Bilbaok eta Azkunak ere hitza hartu zuten aurkezpenean. Bilbaok hirugarren aldiz errepikatuko du hautagaitza eta babesa eman dietenei ez diela «hutsik» egingo ziurtatu zuen. Aldi berean, esan zuen gizartea ez dutela «anestesiatuko» normalizazio politikoaren «mito eta kondairekin». Azkuna laugarren aldiz izango da Bilboko zerrendaburu, eta «konfiantza» duela esan zuen «herritarren zerbitzura» lan egiteko eta herrialdearen garapenean jarraitzeko.

«harrapakin»

PSE eta PPrentzat Bizkaiko erakundeak «harrapakin preziatuena» direla esan zuen Ortuzarrek, eta horregatik aurkeztu nahi izan dituztela EAJren hautagai nagusiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo